2017 AZA. 25 Harri-jasotzea Eizagirre eta Gisasola aurrez aurre izango dira Gabonetako Torneoko kanporaketan J.L. Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketekin batera jarraitzen du aurrera Gabonetako harri-jasotze Kopak, eta oraingoan kanporaketa bakarra jokatuko da, gaur Urrestillako pilotalekuan izango den Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketarekin batera jokatuko dena. Saioa 17.00etan hasiko da. Iñigo Eizagirre eta Jon Gisasola izango dira neurtuko diren bi harri-jasotzaileak. Biak ere oso gazteak oraindik, eta irakasle onak dituztenak. Gisasola, Zelai handiaren semea da, eta etxean dauka eskolarik eta maisurik onena. Eizagirrek ere maisu bikaina dauka, Izeta II.aren eskolakoa baita eta alde horretatik ez dauka inongo aitzakiarik harri-jasotzaile zarauztarrak. Biek ere etorkizun handia dute, eta duten mailarik onena ematen saiatuko dira. Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko ditu. Harri bakoitzak 100 kiloko pisua izango du, eta lanerako, berriz, bakoitzarekin bi minutuko txandak izango dituzte. Irabazleak aurrera jarraituko du, eta galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du. Bihar, berriz, Bilbon jokatuko den Urrezko Aizkorako kanporaketarekin batera ez da harri-jasotzailerik izango, baina bai trontzalariak. Bizkaiko Federazioak lan egiten jarraitzen du herri kiroletako kirol ezberdinek aurrera egin dezaten, eta oraingoan trontzalarien Promozio Txapelketako finala jokatuko dute mutilek. Kirol hau ikaragarri jaitsi da, gero eta bikote gutxiago daude, eta herrialde batzuetan jokatu ere ez da egiten bikote nahikorik ez dagoelako. Euskal Herrikoa ere doi-doi jokatu ahal izan da. Bizkaian hori bultzatzeko lehiaketa antolatu dute, eta finalean, Joseba Arrien eta Gorka Lobato, Arkaitz Ispizua eta Santi Zubizarrreta eta Mikel Agirre eta Jexux Gisasola izango dira txapelaren lehian arituko diren hiru bikoteak. Hauen hurrengo helburua, maila nagusirako jauzia egitea izango da.