GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Eizagirrek kubikoarekin erabaki du kanporaketa


Iñigo Eizagirrek mendean hartu zuen herenegun Jon Gisasola Gabonetako harri-jasotzeko torneoan, eta horrenbestez, kirolari zarauztarrak bidean aurrera egingo du, eta bizkaitarra, berriz, lehiaketatik at geratu da.

Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten. Erabili zituzten harri guztiak 100 kilokoak izan ziren.

Zilindro zaharrarekin hasi ziren lanean, eta hor Gisasolak hartu zuen abantaila. 26 aldiz lortu zuen bizkarrean berdintzea, eta Iñigo Eizagirre zarauztarrak, berriz, jasoaldi bat gutxiago eman ahal izan zion.

Baina gipuzkoarrak ondorengo harriarekin irauli zuen dena. Kubikoa izan zuten lanerako, eta bizkaitarrak 13 jasoaldi eman zizkion, baina oraingoan gipuzkoarrak hiru gehiago eman eta 16 lortu ahal izan zituen. Bola bakarrik geratzen zen dena amaitzeko, eta Eizagirrek bere alde bi jasoaldiko tartea zeukan. Azkeneko lanean emozioa izan zen; izan ere, oraingoan Gisasolak lortu zuen garaipena. 20 jasoaldi eman zizkion bolari, eta bat gutxiago Eizagirrek. Azkenean batuketak egin behar, eta lan guztietako jasoaldiak batuta, garaipena Eizagirrerentzat izan zen. Zarauztarrak denera 60 jasoaldi lortu zituen, eta 59, berriz, Mallabikoak.

Atzo Bilbon, berriz, Bizkaiko trontzako Promozio Txapelketa jokatu zen. 45 ontzako enborrari 10 epai enborra etzanda jarrita eta hiru zutik jarrita eman behar izan zizkioten.

Garaipena lortu zutenak Arkaitz Ispizua eta Santi Zubizarreta izan ziren. Hasieratik bukaerara izan ziren nagusi proba honetan, eta lan guztiak burutzeko, 5 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten.

Bigarren postuan sailkatu ziren Joseba Arrien eta Gorka Lobato. Hauek euren lanak egiteko, 7 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten. Sailkapena, berriz, Mikel Agirrek eta Jexux Gisasolak itxi zuten (12.12).