GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

«Game over», Mystery Towers-enzabaldutako bide berria

Victor San Baudelio eta David Palmada izan dira egileak. Utah-ko dorre horietan sortutako proposamenak A5 zailtasuna du. Bi eskalatzaileok bederatzi eguneko lana (lau bibak) egin behar izan zuten. «Game over» bideak, guztira, bederatzi luze ditu.


Beste behin, David Palmada, Pelut, GARArekin harremanetan jarri da joan den irailean Utah-ko (AEB) basamortuan dauden lokatzezko dorreetan eginiko jardueraren berri emateko. Onartu behar dugu eskalatzaile katalana hango dorreekin erabat harrapatuta dagoela; izan ere, bidaia batzuk egin ditu. Honako jarduerak nabarmenduko genituzke: “Oju Peligru” bide berria (Fisher Tower, A6+), eta “Intifada” (Cottonail Tower, A6) edo “Worlds end” (Fisher Tower, A4) historikoen errepikapenak.

Esan dugun bezala, Pelut berriro ingurumari hartatik ibili da. Eta katalanarekin soka gerrira lotu duena Victor San Baudelio, Samba, kanariarra izan da. Biek elkarrekin jardun batzuk egin dituzte.

Pelutek aurreratu digunez, argi zeukan Utahko dorreetan bide bat zabaldu nahi zuela: «Fishers Towers delakoak ezagutzen ditudanez, ondoan dauden beste dorre bakarti zein dotoreetan jarduteko prest ginen. Mystery Towers dute izena. Hauek aurkitzea ez da batere erraza. Bost egun igaro genituen haien bila. Lehen aldiz duela urte batzuk ‘Top of the world’ izeneko begiratokitik ikusi nituen. Eta bat-batean haien sarean erori nintzen; hots, maitemindu egin nintzen».

Arestian aipatu dugun bezala, bi protagonistok Utahko dorre horietara bisita bat baino gehiago egin dituzte; batez ere, Pelutek. Baina, beste espedizioetan ez bezala, aurtengoan irailean joan dira: «Aurreko eskarmentuetan egundoko beroa jasan dut; 45 °C-ko tenperaturak. Azken bidaia honetan, berriz, komeria gutxiago pasatu ditugu; hala eta guztiz ere, termometroak 40 °C markatzen zituen».

Mystery Towers zen, beraz, eskalatzaileon helburua. Katalanak esan digunez, horietako bat aukeratu behar zuten: «Kosta egin zitzaigun, baina, azkenean, heldu ginen. Gothic Nightmare (amesgaizto gotikoa) orratza eskalatu nahi genuen. Citadelek ere erakartzen gintuen, baina guk aukeratutakoak gehiago motibatzen gintuen; besteak beste, zirraragarriena eta ikaragarriena delako. Oro har, bloke ezegonkor handiak ditu, eta erori pixka bat badu».

Bederatzi egun

Sambak eta Pelutek sormen lan berria biribiltzeko bederatzi egun (lau bibak) behar izan zituzten: «Lan hori guztia egin eta gero, ‘Game over’ zabaldu genuen. Bederatzi luze ditu, horietako bi A5 zailtasunekoak. Gure ustetan, eskalada artifizial tekniko gogorra atera zaigu. Gainera, izaera ezberdinetako tarteak ditu: artesietan luze ikaragarri ederrak, harri zabal (expanding) beldurgarriak...».

Eguraldiari dagokionez, Pelutek onartu digu iragarri zietena bete egin dela: «40 °C-ko tenperaturak izan ditugu, baina ez dugu hainbeste sufritu. Udako ohiko hilabeteetan (uztaila eta abuztua) baino bero gutxiago egiten du. Eta hori batez ere turisten joan-etorrian nabaritu genuen. Eskalada gogorra egin badugu ere, aipatzeko modukoa da meteorologiak gure jarduna asko baldintzatu duela. Irailean, ekaitz elektrikoak oso ohikoak dira. Eta maiz haizeteek dorre horiek gogor astintzen dituzte. Bagenekien baldintza horiek izango genituela eta aurre egin behar geniela. Baina, zorionez, ezbehar bakarra izan genuen. Paretan igaro genuen gau batean, haizeteek dorrearen goialdetik harriak bota zituzten, eta horietako batek aurpegian jo ninduen. Begi bat erabat handituta utzi ninduen!».

Protagonistok diote “Game over” errepikatu ahal izateko, gutxienez hiru eguneko lana aurreikusi behar dela: «Gogorra da, Utahko dorre horiek duten estiloa berezia da... Azpimarratu nahi nuke dorre horiek inguru liluragarri batean daudela. Zibilizaziotik ez zaude oso urrun, baina, era berean, oso isolatuta sentitzen zara. Batez ere, egungo garaiak kontuan hartuta, sakelako telefonoak estaldurarik ez duelako».