GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Rekondo eta Mindegia finalerdietan sartu dira

Leitzarrak Larrañaga menderatu zuen, eta Zubietakoak, berriz, Otaegi.


Jon Rekondo eta Mieltxo Mindegia izan dira Urrezko Aizkorako Kopan aurrera egin dutenak, eta ezustea izan dela esan daiteke, Larrañaga eta Otaegi baitziren faboritoak.

Bi kanporaketetan, aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Urrestillan jokatu zuten aurreneko final-laurdenetako neurketa, eta emozioa hasieratik bukaerara izan zen. Amaieran Rekondok eraman zuen garaipena.

Hasieratik bukaerara tarteak oso txikiak izan ziren, eta borroka ikaragarria izan zuten. Hasi, aurretik Larrañaga hasi zen, baina gero horri buelta eman zion Rekondok, eta horrelaxe jardun zuten saio osoan zehar. Lan erdietan Rekondo zen aurretik, eta 9 segundokoa zen bien artean zegoen aldea. Amaieran, nafarrak 11 segundo atera zizkion gipuzkoarrari.

Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Rekondoren denborak: 1.26, 3.13, 4.52, 6.29, 8.22, 10.13, 12.55, 15.18, 17.46, 19.59, 22.04 eta 23.57. Larrañagarenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.21, 3.24, 4.56, 6.38, 8.27, 10.22, 12.49, 15.13, 17.41, 19.52, 21.59 eta 24.08.

Atzo Bilboko Amezolan Joseba Otaegik eta Mieltxo Mindegiak izan zuten deman, gipuzkoarra zen faboritoa, baina nafarra izan zen garaipena lortu eta finalerdietarako txartela lortu zuena. Otaegi izan zen lehen enborra botatzen azkarrena, baina gero horri buelta eman eta nafarra jarri zen aurretik. Lan erdietako erreferentzian, 36 segundoko aldea kentzen zion Mieltxo Mindegiak Otaegiri.

Tartea txikia zen, eta beraz, ondorengo sei enborretan ere edozer gertatu zitekeen, baina Mieltxok ez zuen barkatu. Lortu zuen aldeari primerako kudeaketa eman zion, eta amaieran alde hori handitu eta garaipena erdietsi zuen. Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Mieltxo Mindegiaren denborak: 1.27, 3.12, 5.09, 7.30, 10.05, 12.36, 14.42, 17.11, 19.27, 22.11, 24.55 eta 27.24. Joseba Otaegirenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.23, 3.21, 5.21, 7.41, 10.18, 13.15, 15.37, 18.54, 21.37, 24.36, 27.29 eta 30.22.

Hurrengo kanporaketa datorren larunbatean jokatuko da Elgetako pilotalekuan, eta han neurtuko dira Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi. Baina hemen ez da izango Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa bakarrik, Gabonetako harri-jasotzeko kanporaketa ere jokatuko baita, eta hor Goikoetxe eta Peñagarikano izango dira aurrez aurre arituko diren bi kirolariak.