GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Perretxikotara joatea edo zuzen gailurrera


Kinielak eta porrak, izan dugu pixka baterako entretenimendua abenduaren 17ko finalean zenbat emakume arituko ziren espekulatzen. Azkenean, emakume bat eta zazpi gizon; guztira zortzi sortzaile, bakoitza bere estilo, kezka eta ikuskeraz ondo jantzia. Bertsogintza ez delako zenbakietan kabitzen.

Ados, jolasgarria izan da, pixka batean elkarri zirikatuz aritu gara kafe garaian eta poteo tertulietan, nork gehiago jakin, nork gehiago asmatu. Baina iruditzen zait jolasa urrutiegi eraman dugula. Parekidetasunaren estatistikak bete behar zituzten bertsolariak kargatu eta estutu egin ditugu eta, gainera, batzuen begietara BECeko oholtzaren panorama porrota begitandu daiteke. Baita zera ere!

Erotikaren munduan, perretxikotara joaten direnak eta gailurzaleak aipatzen dira sexuaren jolasean izaten diren erritmo desberdinak azaltzeko. Batzuek zein besteek helburu dute gailurra, baina pausaje desberdinez. Lehenak lasai-lasai abiatzen dira, bazterrak miatuz, perretxikoak bilduz, detaileetan arreta jarriaz... bideaz gozatzen dute gailurraz bezainbeste. Bigarrenak, zuzen gailurrera abiatu zaleak, gailurra baino ez dute ikusten, di-da iritsi nahi dute, azkar eta sarkor.

BEC gailurra da; distiratsua, ederra, zorrotza. Baina horri begira itsutzen bagara, arriskua dugu txapelketan perretxiko biltzen egin den lana ahaztekoa. Eta majo egin du lana bertsogintzara ekaitza dakarren emakume belaunaldi gazteak. Ekaitz horren dardara BECeko oholtzan ere igarriko delakoan nago. Eta, bai, gailurrik gabe ere plazera sentitu daiteke.