2017 ABEN. 10 Txinparta fina eta lore usaina, orekatua dator aurtengo sagardoa Kupelak irekitzea besterik ez da falta, baina sagardogileek aurreratu dute aurtengo uztaren nortasuna: lore eta fruitu usainak, arina eta fina, orekatua. Hona gogoratzen den uztarik oparoenaren emaitza. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 13,2 milioi litro ekoitzi dira, horietatik ia guztiak, 12,2 milioi, Gipuzkoan. «Sagardoa Route» egitasmoa ere aurkeztu zen atzo, ekoizpen kate osoari balioa eman eta sagardotegien profesionalizazioan laguntzeko, besteak beste. Azken eguneraketa: 2017 ABEN. 10 - 09:27h Oihane LARRETXEA DONOSTIA Sagardogileek ez dute halako uzta oparorik gogoratzen, zinez eman dute fruitua Euskal Herriko sagarrondoek. Uzta aurreratu egin zen, pare bat aste, baita hartzidura ere, urriko tenperatura epelak tarteko. Baldintzak baldintza, eta eguraldiak eguraldi, ailegatu da sagardo uzta berria, amaitzear den 2017 honetan jasotakoarekin egindakoa: usaimenari dagokionez, freskoa, lore usainak dira nagusi, baina beste aroma askok sagar fruitura eramango dute kontsumitzailea. Txinparta fina du eta gorputza orekatua. Sagardogileen elkarteak Donostian egin zuen atzo aurkezpena. Bertan aurreratu zuenez, 13,2 milioi litro sagardo ekoitzi dira orotara Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, eta, Gipuzkoan bakarrik, 11.000 tona sagar erabili dira. Gipuzkoa da, hain zuzen, sagardo litro gehien ekoitzi dituen euskal lurraldea: 12,2 milioi. Bizkaiak 250.000 litro ekoitzi ditu, Nafarroak 300.000, Arabak 50.000 eta Ipar Euskal Herriak 112.500. Bertako eta kanpoko sagarra Lurraldez lurralde xehetasunak eman zituzten ekoizleek. Jesus Gorliz Nafarroako sagardogileen ordezkariak adierazi zuenez, eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari Euskal Sagardoa jatorri izen berrira atxiki ahal izateko. Sagardo horrek bigarren uzta izango du aurten: 4 milioi litro izango dira orotara, eta iaz baino hamalau sagardotegi gehiagok egin dute bat ekimenarekin. Guztira, 47 dira. Adierazi zutenez, 13,2 milioi litro sagardo horietatik %85 bertako sagarrak erabiliz egin dira; gainontzekoak, kanpotik ekarritakoekin. Hala ere, Bizkaiko ordezkariak kontatu zuenez, beren lurraldean «etxeko» sagarrak soilik erabili dituzte. Iazko denboraldiarekin alderatuz, gainera, ia bikoitza ekoitzi dute. «Sagarrak handiagoak etorri dira aurten eta ohi baino likido gehiagorekin», argitu zuen Aitor Intxaurragak. Horrek, jakina, azken emaitzan eragina izan du: sagardoa finagoa eta arinagoa atera da, eta orekatua. Hainbeste sagar kopururik, ordea, ez da bildu Ipar Euskal Herrian, Eztigar ekoizle taldeko Gabriel Durrutik esan zuenez. Baina kalitate «handikoa» atera da. «Sagardoa Route» Sagardogileen elkarteak Donostiako Bulebarrean irekitako baserri dolarea gaur arte egongo da zabalik. Bertan aurkeztu zuen ere “Sagardoa Route” deitutako ekimena. Sustatzaileek azaldu zutenez, helburu bikoitza du: sagardoaren prozesu osoari balioa ematea (sagarrondotik fruitua jasotzen denetik botilara ailegatzen den arte) eta sagardogileen profesionalizazioa. Azken horren harira, datu benetan esanguratsu bat: urtean 800.000 bisitari etortzen dira gurera, sagardotegietara. Hori guztia kudeatzen laguntzea eta, aldi berean, erabiltzaileari erraztasunak ematea asmo du egitasmoak bereziki. Besteak beste, eta saiakera gisa, elkarteko kide diren sei sagardotegietan bazkaltzeko zein afaltzeko mahaia eskatu ahal izango da klik bakarrarekin. Pixkanaka, guztiak batuko dira aukera honetara. Egitasmoaren informazio guztia eskuragarri dago www.sagardoa.eus orrialdean.