GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Estiloa aldarrikatuz, bi proposamen berri

Ordesako Cascada horman, Unai Mendia eta Iker Madozek, paraboltik erabili gabe, «Askatasunaren bidean!» marra (7a+, R3) zabaldu dute. Tozal del Espelgunan, berriz, Mikel Perez de Larraya eta Ander Zabalzak «Culo spray» (7c+) bide gogorra ireki dute.


Bideak zabaltzen jarduten duten hainbat euskal sortzailek pare bat proposamen aurkeztu dituzte. Lan hori udan eta udazkenean biribiltzeko aukera izan dute. Ordesan eta Tozal de Espelungan egin dituzte proposamenok. Bi bide berrien protagonistek argi zuten estiloak jarduera markatuko zuela, eta uste dugu erdietsi dutela.

Ordesako Cascada horman, Unai Mendia eta Iker Madozek “Askatasunaren bidean! Un poble en marxa” marra (7a+, R3) sortu dute. Ikusten den bezala, zailtasunean ez da oso zaila, baina, aldiz, arriskuaren graduak dena esaten du. Izan ere, sokada nafarrak ez zuen batere paraboltik jarri.

Bitartean, Tozal de Espelungan, Mikel Perez de Larraya eta Ander Zabalzak “Culo spray” (7c+) ireki zuten. Ordesan ez bezala, pareta horren kareharriak paraboltak sartzera behartzen du. Behetik zabaldu zuten bidea, eta ahalik eta parabolt gutxien jartzen saiatu ziren.

Lehen protagonistei dagokienez, uste dugu ez dutela inolako aurkezpenik behar. Madozek adierazi digunez, Ordesak liluratuta ditu, eta horregatik Cascadako paretan xede bat aurrera eramatea erabaki zuten:&flexSpace;«Duela pare bat urte hasi genuen helburua udazken honetan amaitzea lortu dugu. Biok ala biok Ordesa inguruko eskaladarekin harrapatuta gaude, eta nire kasuan bide bat zabaltzeak kristoren ilusioa egiten zidan».

Bi euskal eskatzaileon filosofia ezagututa, argi zegoen estiloari egundoko garrantzia emango ziotela. Eta horrelaxe izan zen: «Ez genuen tenplu honetan paraboltik sartu nahi. Horregatik, oraingoan bai, zulagailua etxean utzi genuen. Zabaldu dugun bide berria ‘Libertarias’ eta ‘Garrafón’ marren artean igo gabe zegoen horma-atal batean dago. Goiko aldean eroria duen sekzioa gainditzeko gai izango ote ginen zalantzak genituen, baina bertan sartu ginen. 2015. urtean lehendabiziko bi luzeak zabaldu eta etxera itzuli ginen. Udazken honetan berriro itzuli gara bertara, eta elkarren segidako bi igandetan eginiko lanak ‘Askatasunaren bidean!’ marra eman digu emaitza gisa».

Hiru egun, beraz, behar izan dituzte xedeari forma emateko. 360 metroko marra bat sortzea lortu dute: «Denera, zortzi luze atera zaizkigu. Ez dugu uste datozen errepikatzaileak epel utziko dituenik bideak. Ez du zailtasun handirik, baina luzeak iraunkorrak dira eta luzeek ez dute txaparik. Horren guztiaren ondorioz, azken-aurreko diedro desplomatura sartu aurretik besaurreak topera dituzu. Lehen igoera izateko, arrokaren kalitatea ona iruditu zaigu; hala ere, tentu handiz ibili behar da».

Gogorra

Bitxia bada ere, hurrengo jardueraren protagonistak Mendia eta Madozen bidearen lehen errepikatzaileak izan dira. Mikel Perez de Larraya eta Ander Zabalza dira, eta igoera horren inguruan honakoa adierazi dute: «Bidea bikaina da oso, batez ere goialdeko luzeak. Paretatik eramandako arroka zatiekin eroriko batzuk izan genituen. Bidea garbitzen bada, uste dugu jende gehiago animatuko dela bidea errepikatzera».

Ordesako eskarmentua alde batera utzita, bi gazte nafar horiek uda garaian hormatzar batean marra bat sortzeko aukera izan zuten; lehen eskarmentua zen. Tozal de Espelungan izan zen, eta lan horri “Culo spray” deitu diote. Ordesan ez bezala, Espelungako kareharriak paraboltak sartzera behartu zituen. Alabaina, eskalatzaileok ere estiloari garrantzia eman zieten, behetik hasita ahalik eta txapa gutxien sartuz zabaldu baitzuten bidea: «Mikel Inorizak ere lagundu zigun, eta hormatzar horretako bide gogorrena (7c+) atera zaigu. 300 metro eta 7 luze atera zaizkigu, eta zailtasunean oso iraunkorra da. Bidea irekitzeko hiru saio behar izan genituen». Marra zabaldu eta astebete eskasera, Zabalzak eta Gorka Karapatok bideari puntu gorria jarri zioten.