2017 ABEN. 11 Aizkora Mindegia finalean sartu da Zubietakoa atzean geratu zen aurreneko bi enborretan, baina gero erabat menderatu zuen Saralegi. Jon LEUNDA Mieltxo Mindegiak lortu zuen atzo Zaldibian Urrezko Aizkorako Kopako finala jokatzeko bigarren txartela. Zubietako aizkolariak Jon Rekondo hartu zuen mendean atzokoan. Errazkingoaren aurka Iñaki Azurmendik jokatu behar zuen, baina Arriarangoak min hartu du, eta azken orduan sartu behar izan dute Mindegia. Zubietakoa datorren astean zen aritzekoa Atutxaren aurka, baina, bizkaitarrak parterik hartuko ez duenez, atzo sartu zuten Azurmendiren ordez. Horrek guztiak apur bat aldatu die egitaraua antolatzaileei, baina finalak hirukoa izaten jarraituko du. Hori horrela, datorren astean finalerdietako bi galtzaileek, Saralegik eta Vicentek alegia, elkarren aurka jokatu beharko dute, eta garaipena lortzen duenak finala jokatu ahal izango du Rekondorekin eta Mindegiarekin batera. Atzo Zaldibian, aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta hamabi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Saralegi ongi hasi zen, eta aurreneko bi enborretan bera izan zen nagusi, nahiz eta tartea ez zen inoiz izan handia. Aurrenekoaren amaieran Saralegik bost segundo ateratzen zizkion Mindegiari, eta, bigarrenaren ostean, tarte hori bederatzi segundora pasatu zen, baina hortik aurrera gauzak erabat aldatu ziren, Zubietakoa pasa baitzen agintzera. Hirugarren enborraren ostean Zubietakoa aurretik zen, eta aldea 17 segundokoa izatera pasatu zen. Laugarrengoan tarte hori minutu erditik gorakoa izatera pasatu zen, eta hortxe kendu zion enbor erdi bat, eta hortik aurrera Mieltxok finalerdia primeran kudeatu zuen. Lan erdietarako alde hori handitu egin zuen, eta 59 segundokoa zen bien arteko zuloa. Hortik aurrera Mindegiak nagusi izaten jarraitu zuen. Une batzuetan ematen zuen Errazkingoak aurka zuen alde hori zerbait laburtzen zela, baina ez zen horrela izan eta amaieran alde nabarmenarekin lortu zuen garaipena Miel Mindegia handiaren semeak, eta itxura oso ona emanez, gainera. Hauek izan ziren enborrez enbor Mindegiaren denborak: 0.57, 2.24, 4.42, 7.03, 9.12, 11.33, 13.33, 15.30, 17.33, 19.38, 22.08, 25.07, 27.48 eta 30.25. Saralegirenak hauek izan ziren: 0.52, 2.15, 4.54, 7.49, 10.13, 12.31, 14.32, 16.35, 18.34, 20.38, 23.33, 26.34, 29.49 eta 32.21. MIN HARTUTAIñaki Azurmendi zen Zaldibian Saralegiren aurka aritzekoa, baina Arriarangoa min hartuta da eta Mieltxo Mindegia aritu zen bere ordez.