2017 ABEN. 18 Harri-jasotzea Irigoienek aurreikuspenak betetzen jarraitzen du Errezildarrak irabazi zuen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Jokin Eizmendi sailkatu zen bigarren. Jon LEUNDA Ez zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan inongo ezusterik izan, eta Aimar Irigoienek jantzi zuen txapela, eta Jokin Eizmendik lortu zuen bigarren postua, iragarpen guztiak betez. Emozioa, ordea, hortik atzera izan zen. Finala Asteasuko pilotalekuan jokatu zen, eta harmailek itxura bikaina izan zuten. Bakoitzak 200eko errektangularra, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola izan zituen lanerako. Bakoitzarekin hiruna minutuan jardun ziren kirolariak. Errezildarrak zilindroarekin egin zuen zuloa. Errektangularrari 7 jasoaldi eman zizkion, eta Eizmendik ere jasoaldi berak eman zizkion. Ondoren etorri zen zilindroa eta hor izan zen aldea. Aimarrek 15 aldiz berdindu zuen bizkarrean, eta 11 aldiz zarauztarrak. Kubikoarekin ere ez zen aparteko alderik izan, nahiz eta hemen ere errezildarrak aurre hartu zion Eizmendiri, 13 jasoaldi eman eta bat gehiago jasoz. Aimarrek errematea bolarekin eman zion 18 jaso baitzituen, eta 16 Eizmendik. Aimarrek 8.225 kilo jaso zituen denera, 53 jasoalditan. Eizmendik, berriz, 46 jasoaldi eta 7.125 kilo. Hirugarren posturako izan zen sekulako lehia, tarte oso txikiak izan baitziren hiru kirolariren artean. Aranburuk osatu zuen podiuma. Berak, 6 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 7 zilindroari, beste horrenbeste kubikoari eta 13 bolari. Denera, 5.100 kilo jaso zituen, 33 jasoaldi eginda. Laugarren postua eskuratu zuen Goenatxo III.ak. Azkoitiarrak 5 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, zazpi eman zizkion zilindroari eta bederatzi kubikoari. Bolari 12 jasoaldi emanez amaitu zuen bere jarduna. Denera, 5.075 kilo bizkarreratu zituen, 33 jasoalditan. Galarraga izan zen bosgarren sailkatua. Errektangularrari 5 jasoaldi eman zizkion, bi gehiago zilindroari, eta zazpi baita ere kubikoari. Azkenik, 14 eman zizkion bolari. Denera, 5.025 kilo bizkarreratu zituen, 33 jasoalditan. Illarramendik itxi zuen sailkapena, nahiz eta ez zuen lan txarra egin. Honek, 4 jasoaldi eman zizkion errektangularrari. 7 zilindroari, 8 kubikoari, eta azkenik, 13 bolari. Denera, 4.856 kilo altxatu zituen, 32 jasoalditan. Behin harrien lehiaketa ofizialak amaituta, Aimar Irigoien izan da protagonista, errezildarra izan baita nagusi handiekin eta baita txikiekin ere.