2017 ABEN. 18 HIMALAIA Pandraren ipar-ekialdeko horman marra bikaina zabaldu dute Egileak Pierre Labbre, Benjamin Vedrines eta Mathieu Detrie frantziarrak izan dira. Hiru eguneko eskaladan «Peine plancher» bidea sortu zuten: 1.200 m, ED, WI6 eta M6. Kanchenjungako eremuan dagoen seimilakoaren bigarren igoera izan da. Andoni ARABAOLAZA Pierre Labbre eta Mathieu Detrie mendi gidari frantziarrak alpinista zailduak dira. Alpeetan goi mailako jarduerak egiteaz gain, argi eta garbi utzi dute Himalaiako mendietan jarduera tekniko garrantzitsuak egiteko gai direla. Azkena, Kangchenjungako eremuan dagoen Pandra mendian (6.700 m) izan da. Espedizio horretara hirugarren kide bat gehitu zitzaien: Benjamin Vedrines. Hau ere mendi gidaria da, baina Labbre eta Detrie baino gazteagoa. Hala, baieztatu dezakegu hirukote hori Pandran oso eraginkorra izan dela; izan ere, mendiaren ipar-ekialdeko paretan “Peine plancher” bidea sortu zuen: 1.100 m, ED, WI6 eta M6. Marra berri hori zabaldu ahal izateko hiru egun behar izan zituzten. Jakina, estilo alpinoan igo zuten. Eta harrigarria bada ere, frantziarrek Pandraren bigarren igoera lortu dute. Lehen eta orain arteko bakarra espedizio danimarkar batek 2002. urtean hego isurialdetik lortu zuen. Iaz, berriz, talde japoniar batek lerrootako protagonistek hautatutako horman saio bat egin zuen, baina gailurretik 400 metrora zenean atzera egin zuen. Horiek dira, beraz, alpinistok Pandran lortutako emaitzaren lerroburuak. Hurrengo kronikan, berriz, Detriek berak seimilakoan izan zuten esperientziaren berri emango digu. «Paine plancher» «Khumbuko mendilerroan hainbat aldiz eskalatu ondoren, Nepaleko leku berri bat ezagutu nahi genuen. Herrialdearen mendebaldean dauden mendietan hainbat xede aztertu ondoren, ohartu ginen horiek guztiak zailak zirela eta urrutiko lekuetan zeudela. Bat-batean, Pandraren argazki bat ikusi genuen. Guretzat mendi hori erabat ezezaguna zen, baina, ere berean, ederra baino ederragoa. Irudi hori ikusi ondoren, Kangchenjungako alderdian dagoen eskualde basati hori bisitatzera animatu ginen. Irailaren 26an, Katmandun ginen. Google Earth-i esker, mendia kokatu ahal izan genuen. Hurbilketa bidea zoragarria izan zen. Herrixketako biztanleen harrera azpimarratzekoa da, eta, ohikoa ez bada ere, eskualde horretan mendizale zein trekkingzale gutxi ikusi genituen. Pixkaka-pixkaka, makina bat mendi ikusten hasi ginen: Jannuren ipar horma erraldoia, Kangchenjungaren ipar isuria, guretzat izenak ez zituzten makina bat mendi... Denok bat etorri ginen honako honetan: ez dira mendiak, monumentuak baizik! Oinarrizko kanpalekura ailegatu ahal izateko hainbat glaziar zeharkatu behar izan genituen. Horien arriskuagatik zamaketariek tresneria guztia 5.100 metrora dagoen morrena batean utzi behar izan zuten. Leku horretatik ipar-ekialdeko pareta ez da ikusten, eta, hori dela-eta, hura aztertzeko aukerarik ez genuen. Eguraldi onak lagunduta, girora egokitzen hasi ginen. Lehenik eta behin, horma heltzeko biderik egokiena aurkitzen saiatu ginen. 23 kiloko motxila bizkarreratu eta 5.500 metrora kanpaleku nagusi aurreratua atondu genuen. Lehen aldiz, gure helburua ikusteko aukera izan genuen. Ederra da oso, zirraragarria, eta baldintza egokietan zegoen. Horma hori aztertzen ari ginela, ohartu ginen eguzkia handik ziztu bizian pasatzen dela. Horrek etorkizunera begira lasaitu gintuen. Girora egokitzeko fasean ginela 6.150 metrora dendak altxatu genituen. Eguraldia egonkorra zen, baina garaieran eginiko bigarren gauean klima aldatu eta oinarrizko kanpalekura atseden hartzera jaitsi ginen. Horretan ginela, bost egunerako eguraldi ona eta haizerik gabekoa iragarri ziguten. Sinestezina! Urriaren 16an, goizeko bostetan, kanpalekutik irten ginen. Lau ordu beranduago, paretaren oinarrira heldu ginen. Aurrean genuen korridorean sartu eta ohartu ginen lehen zailtasunen aurrean ginela. Sekzio tente bati ekin genion, eta, hura gainditu ostean, lehen gaua igarotzeko bibaka antolatu genuen. Aukeratutako plataforma oso estua zen, eta Pierrek gaua kanpoan igaro zuen. Bigarren eskalada eguna ere ez zen batere erraza izan. Eskalatu genituen luzeak oso tenteak izateaz gain, aleatorioak eta arriskutsuak ziren. Tarte horiek era askean zein artifizialean gainditu genituen. Igotzen ari ginen aldatsa oso estetikoa zen, eta izotz asko zuen. Bigarren bibakarekin pentsatzen ari ginen, eta espero genuena bete egin zen. Elurra oso ezegonkor zegoen, eta bi luze arriskutsu eskalatu ondoren bigarren bibakera heldu ginen. Oraingoan bai, erlaitz eroso batekin egin genuen topo. Hirurok ala hirurok gaua denda barruan igaro genuen. Hirugarren eta azken egunerako azkar eskalatu, gailurrera iritsi eta bibak horretara jaistea erabaki genuen. Eskalada eta aukeratutako bidea oso agerikoa zen, baina tontorra lotzeko ibilbidea nahasia ikusten zen. Hirugarren eskalada eguna hasi aurretik hainbat aukera aztertu genituen. Egokiena bilatzea ez zen batere erraza; izan ere, geure asmoen artean ahalik eta denbora zein energia gutxien gastatzea zegoen. Izotzezko anfiteatro horretan zegoen ezkerreko marrak agerikoena zirudien. Elur perretxiko bat aurretik genuen; gainera, eroria zuen. Ez zen oso luzea, baina hura gainditzea zaila izango zen. Garbiketa lan eskerga egin eta gero, ‘izotzezko flauta’ moduko sekzio batera iritsi ginen. Elurrezko lerro batzuk zeuden, eta Pandraren ipar horman egon ordez, bazirudien Patagonian eskalatzen ari ginela. Une zehatz horretan genituen zalantza guztiak desagertu ziren; argi eta garbi genuen tontorrera helduko ginela. Azken aldats bat (45°-50°) gainditu eta gailurraren azpian dagoen erlaitz batera heldu ginen. Elurraren baldintzak ez ziren batere aproposak, eta arrisku handiak hartu genituen. Arratsaldeko ordu bietan gure lehenbiziko helburua bete zen; hots, tontorra zapaldu genuen. Pozarren ginen, besteak beste, xede hau buruan denbora askoan izan dugulako. Eguzkiak ondo baino hobeto goxatu zigun. Eta, gainera, ez zuen haizerik egiten. Une batez, aurrean genuen panorama ederrarekin gozatu genuen. Harrigarria da ’eromen’ honek zer nolako gaitasuna duen aldez aurretik bizi izan genituen une latzak ahaztu ahal izateko. Egoera hori mendizale guztiok bizitzen dugu, eta, jakina, egoera horrek jarduera bat hain ederra izatea lortzen du. Gailurrean igarotako une zoriontsu horiek ‘etena’ dute. Oraindik mendi horretan beste zeregin garrantzitsu bat dugu: jaitsiera. Gure lehen helburua azken bibakera heltzea da. Inolako arazorik gabe dendara iritsi gara. Baina han geratu ordez, gauez jaistea erabaki genuen. Ez zen batere erosoa izan, besteak beste, hotz egiten zuelako eta leher eginda geundelako. Baina, bederen, arrisku objektiboetatik at, glaziarrera onik iritsi ginen. Oro har, jarduera ederra eta bikaina egin genuen. Zaila eta arriskutsua ere bai. Baina alpinistok esaten dugunez: merezi izan du!». MARRA BIKAINA Alpinistok zabaldutako bide berriari «Peine plancher» deitu diote. 1.100 metro luze da, eta zailtasun tekniko gogorrak ditu: ED, WI6, M6. BALDINTZA ONAK Marra sortu ahal izateko, hiru eguneko lan eskerga egin behar izan zuten. Eguraldia lagun, frantziarrek estilo alpinoan eskalatu zuten. BIGARRENA Pierre Labbre, Benjamin Vedrines eta Mathieu Detrie frantziarrek Pandra mendiaren (6.700 m) ipar-ekialdeko horma eskalatu dute. Seimilakoaren bigarren igoera izan da.