GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Latorrizko petrikiloa


Metafora askoren patua da: adierazi nahi luketenaz baino askoz gehiago adierazten dute haren egileaz. Alegia, metafora jaulkitzen duena nabarmentzeko hobeak direla hark proposatu nahi lukeena ezagutzeko baino.

Josep Borrelli gertatu zaio: desinfektatzearen metafora, zaharra bezain zabarra, erabili du Kataluniarako bide orri bat itxuratu nahian edo... eta Borrelli berari buruzko gogoeta eragiten dit niri, beste edozeren gainetik.

Alferrik litzateke bere metaforak dituen aurrekari historiko beltz-nabarrak, eta bere-berezkoa duen kirats totalitarioa, aintzat har ditzan itxarotea: Borrellena baino fintasun demokratiko gehiago behar da horretarako. Baina, gutxienez, berak duena bezainbesteko ustea eta autoestimazioa duenak kontuak atera behar lituzke arrazoibide ergel horretan amildu baino lehen.

Borrellen jaioterritik ehun kilometro eskasera bizi izan baitzen luzaro Joaquin Costa, “Grauseko Lehoia”. Besterik ezin dutenean, askok gogora ekartzen dutena. Harena da, besteak beste, “Burdinazko Kirurgialariaren” metafora. Tierno Galvanek eta abarrek Espainiako faxismoaren sorburuan ikusi ohi zutena, preseski.

Hala ere, gogoratu behar da, Costaren hitzetan, begirunez betea, ezagutzaz jantzia eta pultsu hoberenaren jabea izan behar zuela Kirurgialariak... Ez du horrelako fineziarik eskatu Borrellek: hedabideetatik hasi behar dela desinfektatzen, besterik ez du argitu.

Nahikoa, pertsonaiaren jitea ezagutzeko. Eta, agian, Borrell ere Kataluniako kanpainak berragerrarazi dizkigun hainbat herrialdetako politikagintzako “desecho de tienta” horietako bat izateaz pozteko.

Katalunian berak ikusten dituen «zauriak» senda daitezen, gaixoari mozala ipini eta «desinfektatzea» proposatzen duen latorrizko petrikilo-gaiari ez zaio bururatu ere egingo bere metafora, alderantziz ikusita, askoz doiagoa dela. Noiz eta nondik hasi behar dugu Espainiako franko-faxismoa desinfektatzen?