2017 ABEN. 21 KANTATZEN DUTEN HERRIAK Euskal Herriko musika sorkuntza eta ekoizpena hizpide Mahaiaren bueltan batu ziren atzo musikari, irakasle, DJ eta kultura munduko jendea «do it yourself» filosofia eta musikari buruz aritzeko Leioako campusean. Azken eguneraketa: 2017 ABEN. 21 - 06:50h Patxi GAZTELUMENDI Euskaraz egiten den pop musika aztertuz abiatu zuen solasaldia Josu Larrinaga soziologo eta musikazaleak. Berarentzat jasoa (klasikoa), herri musika (folklorea) edota jazza ez den musika guztia da pop. «Pop musikaren ezaugarria da berritasuna, eta musikariak kanta berriak sortzen eta ateratzen egon behar du bizirik mantentzeko. Pop musika ez da oinarritzen errepertorio musikalean, baizik eta musika bera grabatu eta zuzenean jotzen», adieraziz azaldu zituen atzo bere tesi nagusiak Larrinagak. «Antropozenoko bluesak» bezala definitzen du pop musika eta laguntza elektriko edo elektronikoaren laguntza behar-beharrezkoa du musikak egun. «Mikrofonoaren asmakuntza izan da musikagintzak izan duen handiena» gaineratu zuen. Euskal Herrian 60ko hamarkadatik aurrera indartu eta izaera kontrakulturalarekin garatu da musikagintza, eta Larrinagak musikaren fenomenoa identitatearen ikuspegitik ikertu du batez ere. «Gure musikak jakin izan du euskal identitate moderno eta progrea lortzen, izan Ez Dok Amairu, Oskorri edota rock izaerako taldeekin geroago», bere esanetan. «Kontrakultura posizio hegemonikoetara heldu da Euskal Herrian», baieztatu zuen Enkarterriko soziologo eta kazetariak. Kantagintzaren aroaren ostean «punk mutazioa» eman zela gogoratu zuen Larrinagak, gatazka gori-gorian zegoen sasoian, krisi ekonomiko latzaren erdian, «Zen planaren» eta errepresioaren giroan punk musikak eta gizarteko oldarraldiak azpiegitura alternatiboak sortzeko parada eskaini zuten; irrati libreak, gaztetxeak, diskoetxe berriak eta kontzertu sarea besteak beste. Baina punk mugimendua izoztu eta «larregi iraun» duela aipatu zuen Larrinagak modu ezkorrean. «Borroka framing bat» sortu zen bere ustez, eta marko kultural mugatua dakar horrek, eta garapen gutxi izaten da parametro horietatik kanpo. Estetika, mezu eta estilo aniztasun falta deitoratzen du Larrinagak. Gernikako bi musikari zituen aldamenean Larrinagak: Alex Sardui Gatibuko abeslaria eta Aitor Etxebarria El_Txef A disko jartzailea. Mahaiaren albo banatan zeuden Leire Palacios kazetari eta musikazalea eta La chula potra Iruñeko rap abeslaria. Adi-adi jarraitzen zuen jarduna Adrian Medrano musika beltzaren apasionatu, DJ eta Fever aretoko arduradunak. «Nik ez daukat tesirik, kaleko iritzia da nirea», adierazi zuen supituan Gatibuko abeslariak, eta rock-and-rollak belaunaldi oso baten norabidea markatu duela adierazi zuen, eta gaur egun 80ko hamarkadan ez bezala musikak ez duela estetika jakinik nabarmendu gura izan zuen. «Euskaraz oso punk gutxi egon da», bota zuen azkenik. Beste ertzetik La Chula Potrak nortasun punk nabarmena azaldu zuen, «baina berandu iritsi naizenez, rap musika egiten dut, 40 urterekin hasi nintzen idazten eta kantatzen». Eta kritika latza egin zien mahaiaren bueltan zeuden unibertsitako irakasle eta historialariei. «Beti gertatu denari buruz ari zarete hizketan, baina niri gehiago interesatzen zait gertatzen ari dena, eta etorriko denari buruz aritzea». Eta gaur egungo gazteen artean trap musikak duen eraginaz mintzatu eta hezkuntzaren hausturaz zenbait adibide jarri zituen. Horrelakoetan gertatu ohi denez, hizkuntzari buruz eztabaidatzen kateatu ziren mahaikoak. Durangoko Azokan euskara kuotak beharrezkoak diren edo ez hausnartzen, musikariek hizkuntzaren gakoa ote daukaten edota euskal musika zer den asmatzen. Aitor Etxebarriak Brasilen edota Alemanian bera beti euskal musikari bezala jasotzen dutela azpimarratu zuen. «Gogoan dut ‘Gernika’ koadroa eskuan zutela hartu nindutela Brasilen, han euskal musikaria naiz, eta hemen ez dakit zer naizen». Alex Sarduik ondotik «Kepa Junkera ez da euskalduna baina bere diskoak bai?», bota zuen. «Kontrakultura posizio hegemoniko batera heldu da Euskal Herrian», Josu Larrinagaren aburuz.