GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Angelines


Bada Bizkaian Gorbeiaren gerizpeak jagoten duen haran berezi bat. Historiak aipatzen duen lehen aldietan Hartz haran izena zuen. Gerora, hartzek berekin eroan zuten izena. Eta orain, haranari zeharkatzen duen ibai nagusiaren izenez deitzen diogu.

XIX. eta XX. mendeetan handik ibili ziren abade eta fraileek bertan entzundakoaren berri idatzia utzi ziguten. Lamindaoko laminen erreka eta putzuak, erabaki garrantzitsuetarako kontseilu eske Supelegorreko kobazuloko Andrearengana joaten ziren errotariak, urrezko orraziak, jentilen aurkako ermiten kanpaiak eta ermita gehiago. Soinu bereziko harana. Bertan babestu zen alboka Euskal Herriko gainerako lekuetatik desagertu zen bitartean.

Haranaren izpirituaren jagoleak taberna zuen Arteagan, Gaztelu-Elexabeitin. Menuan ageri denetik hautatu beharrean menuko plater guztiak mahai gainera atera eta guztia jatera animatzen zintuen lege zaharreko ugazabandrea. Etxeko bihurtzen zintuen Angelinesek atetik sartu ahala. Barran itxaron bitartean bandeja bete kroketa, lapiko bete arrozesne-natilla-flan postrerako. Familiakoen lagun, gazteen laguntzaile, bertsozale, pandero-joleen ondorengo eta etxeko suaren inguruko armoniaren ingeniaria. Behin Arratiara joanez gero ezin bertatik alde egin Angelinesen tabernan ku-ku egin barik. Sarritan bertara joatea zen plan nagusia: lagun arteko bazkari, familia ospakizun... Garrantzi handia ematen zion Angelinesek gazteok asko jateari, eta guztion amama balitz legez kontrolatzen zuen ganoraz jaten ote genuen ala ez. Bazkaltzera joan aurretik mendi buelta on bat egiteko ohitura eragin zigun Angelinesek. Bestela, zaila zen bere aurreikuspenei eusteko besteko sakea edukitzea ordenagailu aurrean lan egiten dugun sasoiotan. Eta guztiok jaso gura genuen Angelinesen aprobatua kopak eskatzen hasi aurretik. Behin bertsotan esan nion legez, hamar Angelinesekin munduko gosearen arazoa konponduta egongo zen. Aurten Olentzerok berak oparia eskatu dio Arteagako herriari, guztion harridura eraginez. Neguko gauak hotzak eta gogorrak dira lanerako, eta berak, zein bere dozenaka iratxoek, etxeko sutondoan armonia eraikitzen dakien ugazabandre fin bat behar ei dute.