GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Hiru buru baina txapel bakarra egongo da jokoan

Jon Rekondo, Mieltxo Mindegia eta Mikel Larrañaga neurtuko dira bihararratsaldean Asteasun jokatuko den Urrezko Aizkorako Kopako final handian.


Urrezko Aizkorako Kopako finalak jokatuko dira bihar, 17.00etatik aurrera, Asteasuko pilotalekuan, eta bertan izango dira Jon Rekondo, Mieltxo Mindegia eta Mikel Larrañaga.

Egur Sportek ez du zorterik izan lehiaketa honekin, aizkolari garrantzitsu batzuk azken unean jokatu ezinik geratu direlako, baina finala handia geratu da. Mikel Larrañaga Euskal Herriko Txapelketan hirugarren geratu da. Jon Rekondo, Nafarroakoan bigarren, nahiz eta aurten ez zuen Euskal Herriko finalean sartzerik lortu. Mieltxo Mindegiak ere gorakada handia eman du.

Beraz, ikusmina pizten duen finala izango da bihar Asteasun jokatuko dena, eta hiru aizkolariek oso lan ona egingo dute. Aurten Rekondo eta Larrañaga elkarren aurka neurtu dira lehen ere lehiaketa honetan, eta orduan nafarrak lortu zuen irabaztea, nahiz eta oso segundo gutxiko tartea egon zen euren artean. Mindegiak, berriz, ikaragarrizko maila eman zuen, eta finalerdietan Ruben Saralegi utzi zuen bazterrean, lan oso ona eginez.

Lana ere aurrekoetan baino zerbait handiagoa izango dute, eta oraingoan aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta 14 kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Beraz, garaipena lortu nahi duenak lana ongi egin beharko du. Txapela Rekondoren eta Larrañagaren artean egon daitekeela diote adituek, baina orain arte Mindegiaren lana ikusi dutenek bera ere kontuan hartu beharko dela diote.

 

Harri-jasotzea

Bihar Asteasura doazenek Gabonetako Harri-jasotze Torneoko finala ere ikusiko dute, eta neurketa hau, gainera aldaketa batekin dator. Izeta IV.a han zen izatekoa, baina zarauztarrak min hartu du, eta haren ordez arituko da Xabier Peñagarikano. Aizarnazabalekoarekin batera, Mikel Lopetegi eta Inhar Urruzuno izango dira txapelaren lehian arituko diren kirolariak.

Hemengo lana orain arteko bera izango da. Bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lan egiteko, bina minutuko txandak izango dituzte. Harri guztiek 100 kiloko pisua izango dute, eta ondorioz, jasoaldirik gehien lortzen dituen kirolariak lortuko du txapela. Lopetegi eta Urruzuno dira irabazteko bi faboritoak. Zarauztarrak erakutsi du harri txikiekin ikaragarrizko maila duela, eta edozeini irabazteko moduan dagoela, nahiz eta oraindik oso gaztea den. Harri hauek, gainera, oso ongi doazkio, eta gauzak oso zail jarriko dizkio Urruzunori. Tartean, ordea, Peñagarikano ere kontuan hartu beharko da. Aizarnazabalgoak ez du presiorik eramango, badaki-eta ez dela faboritoa, eta finalean, gainera, azken unean sartu da. Lasaitasun horrek mesede handia egin liezaioke.

Bi final hauetaz gain, txingetan, marka saiakera egingo du Barakaldon bizi den Ousmane Drame senegaldarrak. Lehendik berak duen marka apurtu nahi du afrikarrak, esku bakoitzean 100 kiloko txingak hartuta. Lehen 3 plaza, 3/4 eta 1,42 metrokoa dauka, eta bihar arratsaldean Asteasun hori ondu nahi du. Senegaldarra kirol honetan erabateko maisua bihurtu da.