2018 URT. 08 Harri-jasotzea Lan bikaina eginez ekin dio bakarkako Ligari Xabier Aranburuk J.L. Harri-jasotzaileen lehiaketa ere atzo abiatu zen Deban. Liga honetan kirolariek banaka jardungo dute lanean, euren burua bakarrik izango dute etsai, eta bost izango dira guztira lanean arituko direnak. Liga honetako hiru onenek lortuko dute finalerako txartela, eta Azpeitian izango dira bai gizonezko aizkolariekin bai emakumezko aizkolariekin batera. Xabier Aranburu izan zen Deban lanean aritu zena, eta lan polita egin zuen. Oraingoz ez dauka beste inoren erreferentziarik, ez baitu beste inork lanik egin, eta itxaron egin beharko du besteena ikusi ahal izateko. Urrestillan bizi den goierritarrak, 175 kiloko harri errektangularra eta 150 kiloko kubikoa erabili zituen saioan zehar, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituen. Errektangularrari 8 jasoaldi eman zizkion, eta ongi ekin zion saioari. Kubikoarekin ere oso lan ona egin zuen eta 6 jasoaldi on eman zizkion. Denera 14 jasoaldi lortu zituen Aranburuk.