GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Berdintasuna berritasun da oraindik ere


Islandia izan da lehenengoa. Munduko aurrena soldata berdintasunaren aferan. Promesa izatetik errealitate bihurtzera, parekotasuna derrigortzen duen legedi eta guzti.

Herrialde nordikoak dira berdinzale eta aurreratuenak Munduko Ekonomia Foroak argitaratutako txostenaren arabera. Orain hilabete gutxi, urrian zehatzak izateko, Norvegiak berak orain arte inork eman gabeko mugimendua eman zuen, hain arrotza dirudien futbolaren esparruan. Norvegiar selekzioko jokalari guztiek berdin kobratuko dute aurrerantzean.

Hori lortzeko borrokan aurkitzen ziren, hain zuzen, Danimarkako futbol selekzioko emakumeak. Lehenaldian. Gizonezkoek babesa eman zieten, beraien irabazien zati bat emakumezkoei emateko prestu ere agertu ziren.

Dena den, soldaten injustiziari aurre egiteko geldialdia egin zuten, Suediaren aurkako neurketa ofizialera aurkeztu gabe –Munduko Txapelketarako sailkapen fasekoa– eta UEFAren aldetik isuna eta mehatxua jaso zuten. Alegia, agintariei berdintasuna exijitu beharrean, borrokan dabiltzanak zigortzea baino erabaki hobeagorik ez zitzaion bururatu UEFA jaunari.

Errealitatearen metafora. «Kontuz, hainbeste borrokatuz gero galdu egingo duzu-eta». Edo, «lehen gutxiago zeneukan beraz, ez kexatu».

Eta bitartean, Euskal Herrian, Joana Flavianok Athletic utzi behar izan du, 27 urterekin eta 12 denboraldi beranduago, etorkizuna ziurtatuko dion lan bati heltzeagatik. Erabaki logikoa, futbola ofizio ez den heinean –milioikadaz mintzatu gabe, soldata duin bat jasotzea ere nekeza baita–.