2018 URT. 15 ZIRIKAZAN Perbertsoa Josebe EGIA Iritzia ematea libre da, jakina. Gizon edo emakume bat edota orain bata eta bihar bestea seduzitzen saiatzea libre da, hark jolasari segitzea ala ez erabakitzea bezala, eta ezezkoa emanez gero, kontua bukatuta, lasai asko egon ahal izatea… jakina? Badirudi ezetz, oraindik ere ez dela gauza jakina eta onartua gizonezko limurtzaileak noiz utzi behar duen emakume bat bake santuan, ez dela printzipio unibertsal sekula urratu ezineko bat mundu osoan emakumeok gizonezko temati adurti bat bera ere ez jasateko askatasuna, kirioak beren tokian geldi eduki ahal izanda, esan nahi dut. Emakumeok, ordea, berezkoa dugu neskatan edota mutiletan egitean muga non dagoen ulertzea eta errespetatzea; alegia, garbi asko dugu sexu-jazarpena noiz hasten den, nolakoa den… menderik mende belaunaldi guztietako andrazkoek pairatzearen pairatzeaz, toki guztietan, arlo guztietan. Inork ez digu azaldu behar. Bada, emakumeok mundu osoan esparru orotan erasotzen diguten gizon lerdetsuei, baita horiek horrela beren testosterona eutsiezinaren mende jokatu ahal izatea eusten duen balio-sistema osoari ere, inoizko «ASKI DA» kolektibo ozenena adierazten ari garen honetan, hainbat gizarte-esparrutako emakume frantziar zenbaitek, eta ez gutxik, gizonek egikarituriko sexu-jazarpenaren gaineko iritzi publikoa eman beharra sentitu dute, kontzeptua bera azaldu beharra, batez ere emakumeok bat-batean nazioartean abiatu dugun «gizon-ehizatik» bereiztearren, gizonezko seduzitzaile «baldar edota setatsu» gizajoak jasateko barrenik ez dugun emakumeongandik urruntzearren, esanez hedatzen ari den puritanismo-olatuak ez duela zerikusirik beraiekin, ez eta, haien esanetan, benetako sexu-jazarpenarekin berarekin ere. Horrexegatik beraien argibidea, emakume diren aldetik, kontzeptuaren beraren gainean, ohartarazteko emakumeoi geuri batik bat, borroka hau ez dugula bilakatu behar «sexu-askatasunaren bortxatzailea». Bai perbertsoa, eta zeharo tamalgarria, nire uste apalean. Izan ere, neuk bezala edozeinek bere iritzia ematea libre da, jakina, Frantzian eta Kotxintxinan, baina norentzat da mesedegarria sexu-jazarpena zer den, nork eta nola egikaritzen duen, hura bizimolde dutenen kontra tinko egin beharra zalantzan jartzen edo berdintasunaren alde nazioarteko agenda politikoaren jomugatik urruntzen duena? Nori laguntzen dio, mesedez, emakumeok geuk egitea geure askatasun, lasaitasun eta eskubideen kontra?