GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Abiadura-lasterketan ertzak desagertzen dira


Arintasunaren aroan sartuta gaude; hala iruditzen zait niri. Dena momentuan, arin, nahi dugu eta askotan arintasunak, berehalakotasun horrek, unearen aberastasuna, edertasuna, berotasuna irentsi egiten du, jabetzen hasi orduko desagerraraziz.

Zurrunbilo horretan askotan inguruan dugunari erreparatu ere ez diogu egiten, edo ez behar bezala, esperientzia horretaz disfrutatu ahal izateko moduan. Abiadura-lasterketa horretan aurrera, aurrera begira goaz zerbaiten bila, alboetan dagoena ikusi gabe. Eta askotan bazterrean uzten dugunak, merezi duten une horiek, osatzen dute gurekin betirako, edota oroimena gurea den bitartean, izango diren oroitzapenak; gure bizitza osatzen duten mugarriak.

Eta horietako batzuk gure adinekoak dira, gure oroimen kolektibo eta partikularraren zutabeak.

Badakit ez dagoela zahartzaroaren historia bakarra baina, orokorrean, ardurarik eza dagoela iruditzen zait; hau da, ardura itxurapean gabezia galantak daude, ezerezean uzten dutenak etengabe kontatzen diguten kontua, alegia, begi eta belarrietatik sartzen diguten publizitatea. Horra, adibidez, zerbitzu publikoen gabeziak.

Bizitza den lasterketa honetan indarrak ahultzen direnean, azken bihurguneetako zailtasunei aurre egiteko eskua luzatzen dutenean, askotan ez daukate zeri oratu; oroimena erraz eteten denean, alboan hutsa dago; kaltebera direnean, aire zabalean geratzen dira, zurrunbiloak irentsita. Baina, arestian esan bezala, ez dago zahartzaroaren historia bakarra.