2018 URT. 16 GUTUNAK Atsekabe eta amorruaren aurrean BEGOñA SANTILLAN Legazpi Gure neskatoa, Idurre Aldabaldetreku erauzi eta bere hutsune izugarri eta konponezinak eragin didan atsekabe eta amorruak bultzatuta, hitz hauen bidez eskatu, erregutu nahi nieke, erabakiak hartzen dituzten horiei, arduradunei, arren, ez dezatela inoiz itxaron guk jasan dugun ezbeharra gertatzea hartu beharreko neurriak hartzeko. Eta oraingoan bezala, horrelako istripu latzak saihesteko baliabideak abian jar ditzatela, orain arte martxan zergatik ez diren jarri jakingo ez badugu ere. Idurrek ez du berriro ere trenbide malapartatu hori zeharkatuko, baina arren eskatzen dut inoiz inor berriro ere ez dadila arrisku horren aurrean egon, ustezko modernitate garai hauetan. Premiaz ekin diezaiotela egin beharrekoari gertatutakoa berriro ere gertatu ez dadin, ez genukeelako nahi gure familiak jasan duen zorigaitza beste inork pairatzea. Oso tristea eta bidegabea da gurea bezalako herri batek, Legazpik, gaur egun oraindik guk sufritutako zorigaitzak jasatea. Eta amorrua sentitzen dut, amorru izugarria, zorigaitzeko istripua saihesteko neurriak jarri ez dituzten arduradunenganako amorru bizia. Arren, bene-benetan eskatzen diet beste egun bat, segundo bat ez dadila pasa egin beharrekoa egin bitartean, onartu berri dituzten neurriak berandu baino lehen abian jar ditzatela gertatutakoa berriro errepikatu ez dadin. Berandu gure Idurrerentzat. Bide batez, eskerrak eman nahi nizkieke une lazgarri hauetan gure ondoan egon diren eta oraindik dauden guztiei, Udalari eta legazpiar guztiei. Maite zaitugu eta beti maitatuko zaitugu, zure argia inoiz ez dadila itzali, Idurre. Biziki maite zaituen zure amamak.