GARA Euskal Herriko egunkaria

Erraustegiaren aurkako mugimenduak mendi martxa egingo du


Erraustegiaren aurkako mugimenduak mendi martxa bat egingo du larunbatean Zubietako plantari zerbitzua emateko eraiki nahi duten goi-tentsioko linearen aurka.

Mugimenduaren hitzetan, «erraustegiari ezetz esateko aukera berria izango da» eta plantaren inguruan azkenaldian sortu diren albisteak aipatzeko baliatuko dute topaketa, tartean, alboan kokatu nahi duten klima aldaketaren aurkako zentroari buruzkoak. «Foru Aldundia Zentroa modurik zabarrenean erabiltzen ari da erraustegia berdez margotzeko. Eta erraustegia, inoiz martxan jartzen bada, Gipuzkoako berotegi efektuko gas sortzailerik handienetakoa izango da, gaur egun Zabalgarbi Bizkaiko berotegi efektuko gas sortzailerik handienetakoa den bezalaxe», azaldu zuen mugimenduak ohar baten bidez.

Hala, larunbatean Urnietako Zaldundegitik (10.30), Hernaniko Gudarien plazatik (10.30), Andoaingo Goiko plazatik (10.00) eta Lasarte-Oriako Okendotik (10.00) abiatuko dira martxako zutabeak. 11.30ean bat egingo dute eta ondoren denak batera joango dira Lasartera, eta han ekitaldia egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.