2018 URT. 26 EPPK-REN OHARRA EUSKAL JENDARTEARI gara, donostia Beste ezer baino lehen, gure eskerrik beroenak Bilboko kale euritsuetan gure senide eta hurkoei zuen babesa eta berotasuna eman zenieten milaka eta milaka herritarrei. Ez egin zalantzarik, modu batez edo bestez guganaino iritsiko da zuen guztion elkartasun agerpen erraldoi hori. Eta gure ustea ere da, ezikusia egiten dutenen bulegoetaraino ere iritsiko dela euskal jendartearen eta alderdi eta eragileen gehiengo zabalaren nahia eta eskabidea: Orain presoak! Eskerrak eman nahi ditugu ere, Euskal Herri luze zabalean Gabon garaian euskal presoon eta gure hurkoen alde burututako zenbatu ezin diren ekimen anitzengatik. Ohar honen bidez, Foro Sozial Iraunkorraren IV. jardunaldiaren bigarren zatian parte hartuko dutenei bere agurra helarazi nahi die EPPK-k. Bide batez, gure ekarpena helarazi nahi izan dugu ere, gatazka gainditzeko bidean lagungarri izango delakoan: • Gure ustez, presook konponbidearen parte izan behar dugu, batetik, ekintzaile izan garelako; bestetik, gu eta gure hurkoak gatazkaren kaltetu garelako. Ez dira hitz hutsak gatazkak oraindik kaltetuak eragiten dituela esatea, urtea amaitu aurretik gure hurkoek jasandako bederatzigarren istripuaren berri izan genuen: Marta Igarriz burkidearen hiru senide larriki zauriturik gertatu ziren. Martaren burkide guztion besarkada goxoa igortzen diegu eta ahal bezain azkar osa daitezen opatuz. • Gatazka gaindituko bada, kaltetu guztiei zor zaien sendabidea eman behar zaie. Eta hori horrela izan dadin gure esku dagoena egiteko prest gaude. • Premia larrikoa da gizatasunezko neurriak hartzea preso larriki gaixo daudenen eta preso adintsuen egoerari irtenbidea emanez eta urruntze politikarekin amaituz. • Bake iraunkorra erdietsi eta gatazka ez errepikatzeko modu ziurrena gatazkaren muinari eta berau eragin duten arrazoiei heltzea da. • Azken egunotan, Estatu frantsesak EPPKri dagokion kartzela-politika modu esanguratsuan aldatuko duen berria hedatu da. Kolektiboko kideok gauden egoeran egonda, pozez bezain tentuz hartzen ditugu berri horiek. Gure nahia da, aipagai diren lehen urrats horiek preso guztion askatasuna eta gatazkaren gainditzea ekarriko duen bidearen hasiera ziurra izan daitezela. Guztion ahaleginarekin amaituko dugu sakabanaketa eta deserriratzearekin. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikorik gabeko Euskal Herria! Larriki gaixo dauden presoak kalera! Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte! Euskal Herria bihotzean, 2018ko urtarrilean EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!