GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Oroimenaren ibilbide luzea Euskal Herrian


Gaurko egunkarian Jose Maria Quesada Lasarteren historia ezezaguna publikatu du GARAk, haren heriotzaren mende erdia betetzen dela. Jose Maria izan zen ETAko hasierako boluntarioetako bat. Beste asko bezala, bere militantzia politikoaren ondorioz, behin baino gehiagotan atxilotua izan zen, baita bortizki torturatua ere. Kartzela ere ezagutu zuen. Nahiz eta askatasuna berreskuratu zuen, espetxeak eta jasandako tormentuak sekulako osasun ondorioak utzi zizkioten. Bere ingurukoen testigantzaren arabera, ondorio horiek heriotza eragin zioten.

Jose Mariaren historiak erakusten du oroimenaren alorrean gune ilun asko ditugula oraindik. Frankismoak giza eskubideak sistematikoki bortxatu zituen. Milaka euskal herritarrek zuzen-zuzenean pairatu zuten bortxaketa hori. Demokraziaren hainbat oinarrizko instituzioren faltak –hala nola, botere judizial independentea edota prentsa askatasuna– asko zaildu zuen frankismoak eragin zituen eskubide urraketak salatzea, jasotzea eta dokumentatzea. Frankismoaren ondorengo 40 urteetan ahanztura nagusitu zen. Horrek ere eragotzi du gertatutako eskubideen urraketak biltzea eta lantzea. Eta denborak aurrera egitea oztopo bilakatzen da zuzeneko testigantzak jasotzeko, baita kaltetuari egia, justizia eta ordaina eskaintzeko ere. Halere, oroimenaren ikuspuntutik, gertatutako guztia ikertzeko epemugarik ez dago. Are gehiago, nazioarteko legediak dio gobernu ororen zeregina dela giza eskubideen urraketen biktimek justizia berdintasunez eta eraginkortasunez eskuratzea; pairatutako kaltearen ordaina egokiro, eraginkortasunez eta azkar jasotzea; eta egiarako mekanismoak jartzea. Betebehar hori argia da. Behar duen eragin politikoaren falta gero eta nabarmenagoa da, ordea.

Zorionez, eragile sozial askoren ekimenari esker, urratsak egiten ari dira oroimena berreskuratzeko. Lan hori gizarte kontzientzia sendotzen doa eta hori beste hainbat gertaera ilun argitzeko bultzada bilakatuko da.