GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Uste baino errazago

Iker Vicentek eta Ruben Saralegik mendean hartu zituzten Mikel Larrañaga eta Donato Larretxea.


Iker Vicentek eta Ruben Saralegik uste baino askoz ere errazago irabazi zuten Urrezko Aizkorako B multzoko aurreneko saioa. Donato Larretxeak eta Mikel Larrañagak aurreneko bi probak irabazi zituzten, baina gero atzeraka egin zuten.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta 21 kolpetan bukatu zuten jarduna Larrañagak eta Larretxeak, aurkariei baten aldea kenduz. Ondoren, erlojuz kontra zeinek 45 ontzakoa lehenago bota lehiatu ziren, eta nafarrak eta gipuzkoarrak 47 segundoan bota zuten enborra, aurkariei 12 segundoko tartea kenduz.

Ondoren etorri zen zutik jarritako kana-erdikoa, eta hortxe erabaki zuten Vicentek eta Saralegik, aurka zuten alde guztia irauliz, eta alde nabarmenarekin jarri ziren aurretik. Minutu eta 21 segundoan bota zuten enborra bi lehengusuek, eta aurkariei minutu eta bost segundoko tartea kendu zieten, 52 segundo aurretik jarriz.

Ondoren 60 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta Ikerrek eta Rubenek 2 minutu eta 4 segundoan bota zuten, aurkariei beste 12 segundo sartzeko.

Azken-aurreko lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar zuten, eta hor ere aldea handitu egin zuten. Azkenik, sei 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta Vicentek eta Saralegik 12 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten, aurkariei 27 segundo kenduz. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten Vicentek eta Saralegik, eta 21 minutu eta 5 segundo Larretxeak eta Larrañagak.

Emakumezkoen Buruz Burukoan, berriz, Maika Ariztegik minututik gorako aldea kendu zion Irati Astondoari. Aurrena, oinbeteko enborra zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren. Minutu eta 25 segundo behar izan zituen Ariztegik, eta bizkaitarrak, berriz, zazpi segundo gehiago. Azkenik, bi 45 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta Ariztegik 6 minutu eta 3 segundoan burutu zuen saioa. Astondoak minutu eta bi segundo gehiago behar izan zituen. Lan guztiak burutzeko, 7 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Ariztegik, eta 8 minutu eta 37 segundo Astondoak.