GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

ZAD: herria errotu


Lehen aldiz defendatu beharreko Notre-Dame-des-Landeseko eremura etortzen dena, zenbait oren iragan eta hango harat-honaten berri jakin ondoan, zinezko libertate baten sentimenduak hartzen du. Batbederak eta taldean, dena egin daitekeelako mentura azkar bat. Nehongo barrandarik ez da sendi Notre-Dame-des-Landeseko ZADeko berroen arte hartan. Poliziaren, administrazioaren, hots, estatuaren gaineko so eta presiorik ez.

Azken urteetan, aireportu egitasmoa zela kausa, hango lurrak eta utziak izan ziren etxeak bete, okupatu eta baliatzen dituztenek plantan emaniko bizigune, etxola, landa, baratze, gasnategi, ogi ehotegi, zurgintza atelierra, liburutegia eta kanton ikustean, gogoa pizten du. Dena haizu dela ikus daiteke, borondatearekin, laguntza eskatuz auzokoari, ardurak hartuz eta banatuz. Alabaina, aireportuaren kontrako borrokan, baina ere lan legearen, etorkinen sostenguz eta, nolaz ez, ZADeko bizian errotzen ibiliriko suharrenen erranetarik eraikitzen den sentimendua da; baina, jendarte amestu baten irudikatzetik baldin badu kotsia, egiatik ere badu horretan bermatzen direnentzat.

Bistan da badirela pataskak; bistan da askatasun horrek afruntuak, kopetakeriak ekar ditzakeela; bistan da bereber egon nahi denaren eta denen arteko ametsa saiatu nahi duenaren artean gaizki-ulertzeak gerta daitezkeela. Baina elikadura eta ideien borrokan hainbeste urtetan ezagutu duen burbuilaz gain, jendeen arteko beste gisako harreman baterako esperimentazioa izan da ZAD. Estatu-nazioek zedarritu arauetarik kanpo beste elkarbizitza mota baten ametsa espresatzen dute ideia politikoa gorpuztu nahi duten «okupatzaileek». Hinki-hanka baina beti zerbaixka aitzinatuz, umiltasunez, herrixka baten izarian, «komun» baten gisa –eleetan maiz entzuten den erreferentzia–, bestelako jendarte molde hori finkatu nahirik, Nantes eskualdeko berroalde heze hartan.

Frantses Gobernuak aireportu proiektua baztertu du, hondarrean, baina beste partida bat hasia du geroztik bestelako jendarte horren kontra. Ikusi beharko zer amarru apailatuko duen zadisten kanporatzeko. Burgesiak bere interesen alde egituraturiko Estatuak ez baitezake jasan bere kontrolpetik eta, oroz gain, merkatutik lekora bizi daitekeena. Dena eginen du berriz ere kortxilaratzeko. Eta horretan da otsailaren 10erako Notre-Dame-des-Landesen antolatu mobilizazio-bestaren funtsa. Denen artean bat egin, azken urteetan xutik eman diren xede eta esperientzia guzien defendatzeko, errotzeko. Giharrak erakusten ari da estatua bere armaden larderia aitzinatuz, baina buru egin dakiokeela erakutsi du ZADak lehenago ere.

Euskal Herritik hara joan den lagun andanak harremanak egin eta hango eremu sortzailean frango ikasi du. Baina, beste errealitate bat ekarri dio ere hango pentsaketa politiko, kultural eta sozialari. Zazpi euskal lurraldeetarik jindako jendea komunitate baten gisan agertu zaie ZADeko batzar egileei; euskaraz ari den jende multzo bat, baitezpada elkar ezagutzen ez zuena horra arte; bere zorroan borroka bat(zu)en karga eraman duena hara. Eta esplikatu behar anitz, defendatu mintzairarena, herri izatea, gehienetan belarri interesatua atzemanez parean.

Frantz Fanonek esplikatzen zuen ongi estatu kolonizatzaileko herritarrak ere burua kolonizatua duela oharkabean. Estatuaren kontrako zadista jakitunak ere frantses nazionalismoaren herexak bere baitan dauzkala ikus dezake herri menderatuko edozeinek. Horregatik ere badu munta iragan udan xutik ezartzen hasi zen Ambazadak. Estatu-nazio inperialistek kolonizatutako herriek bilgune bat pentsa baitezakete han, galkarika ari den eztabaida tupina den ZADean beste bizipena ekar baitezakete, batzuen usteak hautsiz eta elkar lauzkatzearen beharra haziz.

Martxo bukaeran lasto eta buztinezko paretak jarriko zaizkio Ambazadari, lekuari elkarrekin gero baten emateko, auzolanaren karietara. Bretainiako herri askapeneko lagunekin topatzeko parada izanen da bidenabar. Estaturik gabeko herriek ordezkaritza baten partez, bilgune bat izan dezakete Notre-Dame-des-Landeseko ZADean, hango herritarrekin batean.