2018 OTS. 01 IKUSMIRA Testuingurua marrazten duten berriak Nerea Goti Kazetaria Testuingurua marrazten dute berriek, sekzio ezberdinetan, hitz, ideia eta protagonista ezberdinekin, baina atzean elkarren artean lotuta daude. Ezin guztiak aipatu, baina deigarrienetako bat da mugimendu feminista Martxoaren 8rako lantzen ari den greba deialdia. Formatu berri bat planteatzen ari da, emakumeei zuzenduta eta lantokitik harago heldu nahi duena, geletara, kontsumora, zaintzara... hau da, emakume izateagatik gizakien erdiei esleitzen zaizkien arduretan planto egiteko dei bat. Bortizkeria eta parekidetasunik eza daude salaketa horren erdian, gehiengo batek bere gain har ditzakeen aldarrikapenak, beraz. Baina greba deialdi horrek argi utzi du aurrean zer dagoen, «sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala». Lanuzte bat kapitalismoaren erdian, sistema horrek sortzen eta sostengatzen duen eredua aldatzeko, eta, ez hori bakarrik, egoera eraldatzeko alternatiba feminista bat eraikitzeko proposamena doa horrekin batera. Era berean, soldatetan bermatu beharreko berdintasunaz galdetuta, Europako lurralde bateko mandatari nagusi batek gaian ez sartzeko esan du, eta adierazpenok zuzentzen saiatu denean erantzukizuna soldatak ordaintzen dituztenengan jarri du. Gertuago, kezkatuta agertu dira demografiarekin, jaiotza tasekin... eta lana eta familia kontziliatzeko akordio eta neurri berriak aurkeztu dituzte, baina argazkietan gizonak eta letretan haien adierazpenak... kaleak zer dioen entzun eta esan gabe. Horregatik, Martxoaren 8ko albisteek marraztuko dute agian testuinguru berri bat.