2018 OTS. 07 «Ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatu nahi du Zinegoak jaialdiak Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen duten jaialdietan erreferente bilakatzen ari da Zinegoak eta, aurten, «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatuz abiatuko du 2018ko edizioa. Otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean burutuko da jaialdia eta Emilie Jouvet zinemagile frantsesak jasoko du Ohorezko Saria. GARA BILBO Zinegoak-eko lantaldeak atzo aurkeztu zituen prentsaurrekoan XV. edizioak ekarriko dituen nobedade eta proposamenak. Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen dituen zinema jaialdi bilbotarra bere alorrean erreferente bilakatzen ari da eta aurtengo edizioa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 4an amaituko da. Prentsaren aurrean azaldu zutenez, programazioaren alderik indartsuena lehenengo astekoa izango da, egun horietan emango baitira lehiaketan parte hartuko duten filmen lehen paseak eta bigarren astean, aldiz, film emanaldien errepikapenak eta jarduera osagarriek hartuko dute nagusitasuna. Guztira, 135 emanaldi eta jarduera inguru izango dira. Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu zuenaren arabera, edizio honetan «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatzea izango dute xede: «Gure ideia nagusia da ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak ezin dutela mugatuta egon arau sozial edo estetikoengatik». Aldarrikapen hori jaialdiaren hastapenetik presente egon dela ere baieztatu zuen Guillenek eta kartelaren ilustrazioa edota emango diren lanak hautatzeko orduan irizpide hori ere kontuan hartu dutela zehaztu zuen. Baita Ohorezko Saria Emilie Jouvet-i ematea erabakitzeko unean ere. Izan ere, zinemagile frantsesak intimitatea eta gorputza borrokarako eta militantziarako tresna bihurtu ditu, zinemaren eta argazkigintzaren bidez. «Artista konprometitua eta ausarta da, gai unibertsalekiko joera du, eta borroka itzela egin du Iraultza Frantsesaren ondorioz sortutako 1789ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bertan behera uzteko eta horren ordez Queer Iraultzaren ondorioz sortutako ‘Ezberdintasun Aberasgarriak ditugun Herritar guztien Aldarrikapen Unibertsala’ ezartzeko», nabarmendu zuten Zinegoaketik saria Jouveti emango ziotela iragarri zutenean. Estreinaldiak Programazioaren alorrean estatu espainolaren mailako hogeita bi estreinaldi izango direla nabarmendu zuten eta, horrez gain, Europa mailako hiru eta mundu mailako bi ere izango direla goraipatu zuten: “Nove de Novembro”, Lazaro Louzaoren lehen lana, galegoz filmatu den lehen LGTB pelikula; eta “Enfemme”, Alba Barbe i Serra zuzendariaren lana, crossdressing munduaz jarduten dena. Film horien berri ematera etorriko dira Bilbora hogei gonbidatutik gora, eta, «horrela, publikoak aukera izango du sortzaileekin zuzen-zuzenean hartu-emana izateko». Horrez gainera, jaialdiaren ohiko atalak ere izango dira: film laburren arloa garatuko du Begiradak atalak, Narratiba Berriak izen berriarekin abiatuko da Off atala eta Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa ere izango da. Bilgunen, bere aldetik, bi gai nagusi landuko dira: memoria historikoa –Federico Garcia Lorcaren erailketaren inguruan ariko dira– eta pinkwashing izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida. Amaitzeko Zinegoak-etik eskerrak eman zizkieten Zinegoak Hedapenean parte hartu duten udalerri guztiei. «Gero eta interes handiagoa dago zinema eta kultura hirigune handietatik kanpo eramateko. Aurten Euskal Herriko 40 udalerritara helduko da Zinegoak, 50 proiekziorekin», nabarmendu zuen Oneka Alvarez Zinegoak Hedapeneko koordinatzaileak. Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14tik aurrera “3, 2, 1... Zinegoak!” ekitaldi sorta izango da zenbait erakunderekin elkarlanean: Guggenheim museoa, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, BBK Aretoa eta abar. Azken horretan, Emilie Jouveten “Aria” lana proiektatuko da. ATARIKOAK Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14an hasita «3, 2, 1... Zinegoak!» ekitaldi sorta ere antolatu dute. Besteak beste, Guggenheim museoan edota Bilborocken izango dira ekintzak.