2018 OTS. 07 Jean Nesprias dantzari eta txistulari biarriztarra zendu da Idoia ERASO BAIONA Astelehenean zendu zen Jean Nesprias, eta hileta elizkizuna ostiralean eginen da, 10.15ean, Baionako San Andres elizan. Biarritzen 1927an sortua, dantza eta txistu irakaslea izan zen, eta Ipar Euskal Herrian euskal dantzan erreferente bilakatu zen. Egun Baionan Orai Bat izenez ezaguna den eta Angelun sortu zen Orok Bat taldearen hastapenean aritu zen, eta 1993an Erro Bat-en sorreran ere hartu zuen parte. Baionako eta Euskal Herriko nazioarteko festibala antolatu zuen. Ia zendu arte txistu ikastaroak ematen segitu zuen. 84 urte zituela, Philippe Oyhamburu eta Koldo Zabalarekin batera, mugimendu minimalisten bitartez dantzariaren gorputzaren zahartzearen inguruko obra egin zuen, Thereten gidaritzapean. Euskal dantzan belaunaldien artean dagoen lotura aditzera eman nahi izan zuen zuzendariak. Nespriasek dantza irakasle gisa izandako bizipenak kontatzen zituen musikak lagunduta. «Bizi naizeno bizitza dantzatuko dut» erraten zuten parte hartzaileek agertokiaren gainean.