GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ez da gure patua


Normalean, adina hurbil ikusi arte ezer gutxi arduratzen gara jubilazio kontuez. Aro horren atarian –eta hein batean sartua ere– izaki, kezka bereziz jarraitzen ditut pentsioen inguruko gorabeherak. Egia esan, hain gertu ez nintzelarik ere, arreta jartzen hasi nintzen Nicolas Sarkozy presidente ohiak 2010ean egindako erretreten erreformaren karietara (besteak beste, jubilazio adina 60tik 62ra pasa zuenekoa) Estatu osoan bezala Ipar Euskal Herrian ere izan zen kontrako mobilizazio izugarriari buruz hamaika aldiz informatzea egokitu zitzaidalako.

Karriketan ohi baino ile zuridun eta makilaz lagundutako milaka pertsonaren haserrea ikusirik, gehiago jabetu nintzen ahalmen fisiko eta intelektualak beheranzko joera naturala hartzen duten bizitzaren fase horretan segurtasun minimo bat izateak duen garrantziaz. Sindikatu gehienak alboan, berebiziko grinaz borrokatu ziren hilabeteetan eta, erreforma ekiditea lortu ez bazuten ere, Sarkozyren asmo guztiak bederen ez gauzatzea erdietsi zuten. Geroztik, François Hollande presidente sozialistak (?) ere beste aldaketa batzuk egin zituen eta Emmanuel Macron beste bat prestatzen ari da oraintxe.

Estatu espainola ere ez da atzera geratu jubilazio sistemaren eraldaketan. Eta, agerian dago Rajoyren gobernua neurri berriak hartzekotan dabilela. Hangoak edo hemengoak izan, ondorio bertsua: pentsioen murrizketa.

Nire inguruan, baita belaunaldi gazteen artean ere, maiz entzuten dut haiek ez dutela seguru asko ezta pentsiorik izango ere. Gainera, halako fatalismoz kutsatutako baieztapenak izan ohi dira. Erremediorik gabeko gure patua izango balitz bezala. Aldi berean, iruditzen zait jubilatuak berak ere, marmar asko egin arren, ez direla jabetzen duten indar eta potentzialtasunaz. Asko dira, asko gara. Frankismoko azken urteetatik hasita eskolan, lantokietan eta kalean militatu eta borroka ugaritan aritutako belaunaldia ere iristen ari da lanetik jubilaziora. Baina, tamalez, ez hitzaren etimologiaren zentzuan (pozaldia). Oraindik ere pankarta batzuk utzi ezinik, beste batzuk hartu beharko ditugulakoan nago.