GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Disuasiorako gaitasuna


Hirurogeiko hamarkadako “Euskal big bang”-aren hondar bitsetan bizi gara. Orduko bultzadaren domino efektuak ekarri gaitu honaino. Eta gizateria osoaren moduan, energia-iturri berriztagarri berrien bila gabiltza. Euskalgintzan, esaterako, ilusioa berpizteko desfibriladorea eraikitzeko lanetan ari gara, zazpi lurraldeetako instituzio eta agente sozialekin elkarlanean, baina ez du ematen alderdikeriak lasai utziko gaituenik.

Oso gutxi aztertu dugu 60ko hamarkadako big bang-a. Datu objektibo batzuk ditugu: Euskal Herriko motor ekonomiko eta demografikoan gertatu zen, Bilbo Handian, eta gero handik zabaldu. Klase ertaineko gazte unibertsitario euskaldun berriek energia hori egituratu zuten. Eta kurioski, eztandaren epizentroan espero zitekeena baino askoz arrasto txikiagoa geratu da.

Tesi frankistaren ostean 60ko “Euskal big bang”-aren antitesia heldu zen. Pertsonalki gustatu ez arren ere, sintesia autonomia estatutuak izan ziren. Eta orain guztiok ikusten dugu gainera datorkigun birzentralizazio eta zapalkuntza olatua, modernitate liberal mozorroz helduko zaiguna. Horren aurrean lanean fin ikusten ditut gure politikariak, elkarrizketa bete txosten, ponentzia eta gogoeta. Faltan sumatzen dut, ostera, Grezia, Katalunia, Libia eta Ipar Koreako gatazkek txikioi utzi diguten ondorio nabarmena: disuasio gaitasunik ez duenarenak egin duela.

Hau da, Estatuarekin akordioetara heltzeko, Estatuari negatiboki ala positiboki interesatzen zaion zerbait eduki behar dugu. Katalanek, antza, ez zutena; Syrizak, antza, eduki arren martxan ipintzeko adorerik izan ez zuena; Libiako Gaddafik, diotenez, diru truke garatzeari utzi ziona; eta Piongiangek, izpiritu olinpikoaren begitan, Hego Korearekin elkarrizketa serioetan hasi ahal izateko erabili duena.

Estatua guri 155a aplikatzetik disuadituko duen tresna zehatz eta sinesgarri bat eduki arte, gure plangintza eta adostasun guztiak, Yanis Varoufakisek esango lukeen moduan, argiaren agonia baino ez dira.