2018 OTS. 28 Berrogeita hamar dantzari oholtzaratuko dira Kresalaren «Haize hegoa» ikuskizunean Kresala dantza talde donostiarrak «Zeruko» eta «Kulunka» obren «ikuspegi berritua» proposatzen du «Haize hegoa» ikuskizunean. Larunbat honetan estreinatuko dute, Donostiako Victoria Eugenian. Azken eguneraketa: 2018 OTS. 28 - 06:29h Amalur ARTOLA DONOSTIA Mende erdiko ibilbidea ospatzen ari da aurten Donostiako Kresala dantza konpainia eta, asteburu honetan, ikuskizun berria estreinatuko du Victoria Eugeniako oholtzan: “Haize hegoa”. Obra berriak taldearen “Zeruko” eta “Kulunka” piezen «irakurketa berria» dakarrela azaldu zuen Faustino Aranzabal Kresalako zuzendariak. Lehena, “Zeruko”, «drama koreografiko astral» gisa deskribatu zuen Aranzabalek, «Ozeano Atlantikoko haize eta itsasoa hartzen duen obra nordikoa». Hamabi piezatan banatua, historiako «erreferente unibertsalak» eta euskal gaiak jorratzen ditu, zuzendariaren hitzetan. Dantza-programaren bigarren zatian “Kulunka” eskainiko dute, «Europa meridionaleko hego-haizea duen izaera mediterraneokoa». «Edukitzearen atsegin eta ez edukitzearen hutsunetik sortutako obra da eta Oteizari keinu egin nahi dio», zehaztu zuen Kresalako zuzendariak. “Haize hegoa” bi pieza horien batuketa baino «interpretazio berria» dela defendatu zuen Aranzabalek: «Iaz egin genuen bertsio laburtu bat, baina bere osotasunean orain aurkeztuko dugu ikuskizuna. Piezen irakurketa berritu bat ere badago». Obrak sortzeko bidean hainbat erreferente izan dituztela ere nabarmendu zuen, tartean Pina Bausch, Jean Georges Noverre eta Michel Fokine, dantzaren esparruan. Musika eta literaturako erreferenteen artean, Xostakovitx, Mikel Laboa, Jean-Baptiste Lully, Shakespeare, Bitoriano Gandiaga eta Joxanton Artze aipatu zituen. Lantaldearen «magia» Ikuskizuna hainbat piezak osatzen dute, batzuk kolektiboak, besteak binakakoak eta bakarkakoak, eta, orotara, obran zehar Kresalako berrogeita hamar dantzari igoko dira oholtza gainera, hiru musikarirekin batera; Alberto Murua gitarran, Pili Zaldua akordeoian eta Ane Sobreviela biolinean. Tamaina horretako lantaldearekin aritzea buruhaustea baino «magia» da Aranzabalentzat, zenbaitetan konplikazioak egon badaudela aitortu arren. «Magnitude honekin lan egitea zaila da, baina aldi berean baita erraza ere, talde amateurra garelako eta maitasunez egiten dugulako egiten dugun guztia». Euskal Herrian estreinatzearekin batera, obrak hedapena izatea espero dutela eta nazioarteko mugak zeharkatu nahiko lituzketela nabarmendu zuen Aranzabalek. «Euskal Herritik kanpora atera nahiko genuke, inportantea delako hemen egiten denari ikusgarritasuna ematea. Horregatik, fokua kanpoan jarria dugu». Kresala 1968. urtean sortu zen Gene Yurreren eskutik eta bost hamarkadatan zehar hainbat sorkuntza egin dituzte. “Maskarada” (1972), “Soka” (1998) eta “Oteizaren kaxa beltza” (2014), besteak beste. Nazioarteko hainbat jaialditan hartu dute parte eta sariak ere jaso dituzte. Orain esku artean duten ikuskizuna, “Haize hegoa”, esan bezala, larunbatean estreinatuko dute Victoria Eugenia antzokian, 20.00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko (8/15/18 euro), ohiko lekuetan.