2018 MAR. 01 Irakurzaletasunean eragiteko asmo irmoz abiatuko da Begiko zigilua Eskolako derrigorrezko etxeko lan gisa bizi beharrean, haur eta gazteek literatura plazera dela deskubritzea hartu du erronkatzat Zubia-Santillana argitaletxeak eta, horretarako, Begiko zigilu berria sortu du. Izen horren pean eta koloreka sailkatuta, lau eta hamasei urte arteko irakurleentzat proposamen deigarriak egitea du xede. Aurkezpen festa gaur egingo dute, 19.00etan, Bilboko Campos Eliseos antzokian, hainbat lagun eta gonbidaturen babesarekin. Azken eguneraketa: 2018 MAR. 01 - 06:36h Amalur ARTOLA BILBO «Eskolan irakurri egiten da, asko eta ondo, baina aginduta. Liburu-zerrendak ematen dira, laburpenak egiten dira, eta abar, baina gure helburua litzateke haur eta gazteek irakurtzea ez bakarrik behartzen dituztelako, baizik eta gustuko generoa dutelako». Hala azaldu du Joseba Santxok, Zubia-Santillana argitaletxeko kideak, sortu berri duten Begiko zigiluak datozen urteetarako bere buruari jarri dion erronka. Orain urte batzuk Alfaguara argitaletxe-taldetik atera zenean –Penguin Random-ek erosi zuen–, haur eta gazteei bideratutako euskarazko zigilu gabe geratu ziren eta, hutsune hori betetzeaz gainera, irakurle garaikideei begirako erronkekin datozela ere nabarmendu du. Batetik, kalitatea hobetsiko dute, bai testuetan , baita irudietan ere. Bigarrenik, aniztasuna izango dute jomuga: «Askotariko estiloak eskainiko ditugu, ze zuri gustatuko zaizu misterioa, niri abentura... bakoitzak bere generoa aurki dezan nahi dugu». Eta, hirugarrenik, Internet eta sare sozialetan ere izango du lekua Begikok, «gazteengana heltzeko, ohiko bideetatik aparte bide berriak esploratu behar direla uste dugulako». Eneritz Dueso ariko da Interneteko web orrialdea elikatzen eta Twitter eta Facebooken sortu dituzten kontuak kudeatzen. «Horietatik saiatuko gara eragiten, gazteak motibatzeko giltzarri delakoan», argudiatu du Santxok. Jara eredu Zigilua gaur aurkeztuko dute ofizialki Bilboko Campos Eliseos antzokian egingo duten festan, eta bertan erakutsiko dituzte Begikoren katalogoa osatzen duten 37 tituluak. Horietatik gehienak Alfaguara garaiko argitalpenak dira: «Baditugu Roald Dahl-en ‘Matilda’ edo ‘Super-azeri’ mitikoak, baita bertokoenak ere, Jon Arretxe, Toti Martinez de Lezea edota Jasone Osororenak, adibidez». Azken honek sortutako Jara pertsonaia nabarmendu du bereziki, bere hitzetan, zigilu berriarentzat «eredu» izango dena. «Osororen artelan hori daukagu eredutzat. Ikaragarrizko harrera izan du gazteen artean; eskolan hasi zen, baina eskola gainditu du eta etorri zaizkit hainbat esanez beren seme-alabak Jarari esker irakurzaletu direla. Jararekin lortu dena lortu nahi genuke besteekin ere», aipatu du. Begiko-rekin batera, argitaletxeak Loqueleo (gazteleraz), Oqueleo (galegoz) eta Jollibre (katalanez) zigiluak ere sortu ditu eta horiek «bidelagun» izango dituztela ere zehaztu du. Eta beste adar bat ere ireki du Zubia-Santillanak: irakurketa errazeko liburuak. «Oso puntu inportantea da guretzat. Andres Guerreroren ‘Maitasuna zailegia da’ itzuli dugu eta bide horretan ere jarraitu nahi genuke», ziurtatu du Santxok. Indarrez hasteko, iragarpen festan bertan lehen hiru tituluak aurkeztuko dituzte. Lehena, Leire Bilbaoren “Leiho bat eta leiho bi” (+6), Alex Fernandezen ilustrazioak dituen «istorio samurra» eta, Santxoren ustetan, «liburu erreferentzial» bilakatuko dena. Bigarrena, Antton Kazabonen “Martintxo Bigarrena” (+8): «Zezenen munduan ibiliko da. Liburu polita eta ezohikoa da; aitona eta bilobaren arteko erlazioaz eta zeharka bullying-az ere ari da». Eta, hirugarrenik, Unai Elorriagaren “Erraldoiek ez dute lagunik jaten” (+8). Idazle algortarrak azaldu du bi emakume heldu izango direla «istorio ganberro» honetako protagonista eta haien begietatik kritika soziala egitea izan duela helburu. Baita gurasoak irakurketan inplikatzea ere: «Gurasoek ere ondo pasa dezaten nahi izaten dut, irakurketa diferenteak ematea». Hiru ale berriok katalogora gehituta, editorialaren asmoa, Santxoren hitzetan, «urtero adin-tarte bakoitzeko gutxienez ale bat gehitzea» litzateke. FESTA Hainbat gonbidaturekin hasiko du bidea Begikok: Kukai, Uxue Alberdi eta Jon Maia bertsolariak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak eta Ilaski Serrano eta Nerea Elias aurkezleak. Gaur, 19.00etan, izango da festa, Bilboko Campos Eliseos antzokian. HIRU NOBEDADE Gaurko festan katalogoko 37 tituluak eta sorkuntza berriko hiru liburuak aurkeztuko dituzte: Unai Elorriagaren «Erraldoiek ez dute lagunik jaten», Leire Bilbaoren «Leiho bat eta leiho bi» eta Antton Kazabonen «Martintxo Bigarrena».