2018 MAR. 03 Aizkora Iritsi da txapelak banatzeko garaia Atutxa-Alberdi, Vicente-Saralegi eta Mugertza-Otaegi neurtuko dira bihar eguerdiko 12.00etan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalean. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako aizkolarien finalak jokatuko dira bihar Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etan hasita, bertan mutilen Binakako finala izango da, eta baita emakumezkoen Buruz Burukoa ere. Atutxa-Alberdi, Vicente-Saralegi eta Mugertza-Otaegi izango dira gizonezkoen finalean. Aurreneko biak lehen fasean euren multzoan lehenengo izan ziren, eta mutrikuarrak eta zizurkildarrak, berriz, finalerdia jokatu behar izan zuten Rekondoren eta Azurmendiren aurka, euren multzoan bigarren izan zirelako. Ikusmina piztu duen finala izango da biharkoa, eta askorentzat faborito garbirik ez dagoen horietakoa. Egungo bi txapeldunak ere finalean izango dira, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza, baina oraingoan biak elkarren aurka arituko dira, aurten ez baitute bikotea osatu, azkeneko urteetan osatu duten bezala. Baina aurtengoan, Mugertzak lagun izango duenak, Otaegik, badaki Binakakoa irabaztea zer den, Unai Otañorekin txapelak lortutakoa baita. Hala ere, zaleek Mugertzari eta Otaegiri ikusten diete irabazteko aukerarik gutxien. Lan ezberdinak egin behar dira, eta tartean zutik jarritako enborrak ere badaude, eta horrek min egin dezake. Askotan gertatu da lehen ere, iraupen probak erabakiko duelakoan, zutik jarritako enborrek erabakitzea, eta oraingoan ere gerta daiteke. Askorentzat lehia Atutxaren eta Vicenteren artekoa izango omen da, baina ahaztu egiten zaie lehiaketa hau binaka egin behar dela, eta albokoak ez badu laguntzen, gauza gutxi egin daitezkeela. Alberdi izango da Atutxaren laguna, eta azkoitiarrak maila oso ona duela behin eta berriz erakutsi du. Ez da ahaztu behar iazko Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketan finalean sartzetik oso gertu ibili zela, nahiz eta oraingo honek harekin zerikusi gutxi duen. Vicentek sekulako maila eman du Binakako honetan. Zutik jarritako enborrak ebakitzerakoan, etzanda jarritakoak bezalaxe mozten ditu, eta hor min egin dezake. Hala ere, berak eta Saralegik osatutako bikotea izango da finaleko gazteena. Biak dira oraindik oso gazteak, eta nahiz eta plazetan eskarmentu faltarik ez duten, gaztetasun horren urduritasuna ere sumatu dezakete bi aizkolariek honelako final batean, eta are gehiago jende askok arretaz begiratuko diela jakinda. Finala oso erakargarria geratu da, sei aizkolari gazterekin, eta kirol hau berriro indarrean dela agerian geratuko da. Guztien artean Atutxa da txapelik gehien dituena, bai binaka eta bai bakarka, eta bera ere oraindik gaztea da. Gazte jendeak gaztea erakartzen omen du, eta hori seguru harmailetan nabarituko dela. Alberdi Azkoitikoa da, eta berak ere jende ugari eramango du finalera. Izarraitz pilotalekuko harmailek jende asko batuko dute final honetan, eta giroa ere ez da faltako. Izkue Nesken Buruz Burukoan, Irune Izkue, Nerea Sorondo, Maika Ariztegi eta Irati Astondoa neurtuko dira. Lehen fasean euren artean ligaxka jokatu dute, eta aizkolari guztiek irabazi dute, gutxienez, probaren bat. Hala ere, denentzat Irune Izkue izango da irabazteko faborito nagusia. Orain arte jokatu dituen proba guztietan garaile atera da nafarra. Zaleek bere jarduna oso gustukoa dute, itxura bikaina baitauka, eta denek dute faborito garbitzat. Plazara ere primeran moldatzen da, eta presioak gainditzen ez baldin badu, txapeletik oso gertu ibili behar du. Besteen artean, Ariztegi da eskarmenturik gehien duena. Iturengoak urte asko darama aizkora munduan, eta lan oso onak egiten ditu. Saiatuko da Izkue estutzen eta ezustea ematen, nahiz eta jakin ez dela erraza izango. Sorondorekin eta Astondoarekin jendeak konfiantza gutxiago izan dezake, baina hauek ere kontuan hartu behar dira. Finalak, beti final izaten dira, eta aurreko erreferentziak askotan ustelak gertatzen dira. Lehen fasean bi hauek irabazi dituzte probarik gutxien, baina biharko eguna oso berezia izango da. Apustua Euskal Herritik kanpo ere aizkora apustuak egiten dira eta oraingo honetan Segoviako Valsain herriko zezen-plazan jokatuko da martxoaren 17an, 18.00etan. Manu Fraile eta Jaime Huertas lehiatuko dira, biak ere Euskal Herriko lehiaketetan aritutakoak. Bakoitzak hamalau 45 ontzako ebaki eta ondoren, zezen-plazan korrikan 6 kilometro egin beharko ditu. Alde bakoitzak 500 euro jokatzen ditu. EMAKUMEZKOAK Maika Ariztegi, Irune Izkue, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa izango dira emakumezkoen Buruz Buruko finalean izango diren lau aizkolariak, mutilen eta harri-jasotzaileen final handiarekin batera IKUSMIRA Finalek ikusmina piztu dute, hiru batera jokatzeak erakargarritasuna handitzen baitu. Azpeitia inguruko kirolari batzuk ere izango dira tartean, eta giroa ere oso ona izango da harmailetan.