2018 MAR. 03 Harri-jasotzea Lehen fasekoa errepikatzen baldin bada kilo gutxiko aldea izango da J.L. Urrezko Aizkorako aizkolariekin batera, Urrezko harri jasotzeko finala ere jokatuko da bihar eguerdian, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Imanol Illarramendi, Xabier Aranburu eta Aimar Galarraga izango dira lanean arituko direnak. Bakoitzak 175eko errektangularra eta 150eko kubikoa erabiliko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Lehen fasean, bakoitzak lan hau bi aldiz egin behar izan du, eta Aramburu izan da denetan onena. Urrestillan bizi den idiazabaldarrak guztira 4.575 kilo bizkarreratu zituen. Bigarrena Illarramendi izan zen, 4.550 kilo jasoz, eta azkena Galarraga izan zen, 4.425 kilo bizkarrean berdinduz. Bihar, lehenengo Galarragak jardun beharko du lanean, eta atzetik Illarramendi eta Aranburu joango dira. Ikusten den moduan, ez dago hiruren artean ere alde handirik. Lehen fase honetan 25 kiloko aldea bakarrik egon da Aranbururen eta Ilarramendiren artean, eta hori kontuan hartzen baldin bada, bi hauek izango dira faboritoak. Hala ere, bien arteko aldeak oso txikiak dira. Lehen itzulian Illarramendi hobea izan zen, baina aurka zuen alde hori bigarrengoan irauli egin zuen Aranburuk, eta orain galtzak bete lan izango dituzte biek. Dena dela, Galarraga ere ez da baztertu behar. Azken batean jasoaldi bakar bateko aldea egon da bi faboritoen eta Galarragaren artean lehen fasean, eta hori aldatu daiteke biharko finalean. Dena saio batera jokatzen denean, eta finala denean, gauzak erabat aldatu daitezke, eta lehen fasean ikusi den moduan, amaieran hiruren artean ere ez da aparteko alderik egongo.