GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ingurukoei erreparatzea ahazten zaigu


Ereduez mintzatzen gara maiz. Txikitan zer izan nahi dugun galdetzen digute, bizitzan zerbait izan behar dugunik ere ez dakigunean. Amesten hasten gara gerora, ereduen bila, arrosa koloreko bizitzaren desioan.

Amestea, momentuz, libre eta doan den heinean, ez dago arazorik. Baina amestean alboratu egiten dira inguruko xehetasun garrantzitsuenak.

Eseri, kafe bat hartu eta pare bat garagardoren bueltan ingurura begira jarri naiz. Alboan emakume indartsuak ditudala ohartu naiz –tartean, ama–, ikusezinak maiz, bizitzan aurrera egin dutenak. Irrika ari dira (gara), tartean eztabaidak ere badira, baina zer litzateke bizitza debaterik gabe?

Tabernaren ilunpean mundua konpontzen jardun dira, umiltasunez eta askatasunez. Futbolaz, lanaz, ekonomiaz edota joan den asteburuko txutxu-mutxuez.

Hain daude libre, hain ari dira zoragarri pasatzen egunerokoan begia jarriz, ameskeriez ahaztu naizela. Agian ez dira emakume onenak, agian ez dira famatuak, agian ez dute apartekotzat jotzen dugun zerbait egin, ez diote munduari itzulia eman.

Baina hor daude egunak joan, egunak etorri, eguneroko martxan, dendan, zerbitzari gisa, etxean, lantegian eta beste hainbat lekutan. Asteburua iritsi, eta eguerdiko potearen zain, lagunekin elkartu eta pare bat barre algararekin inongo zoriontsuenak dira. Eta ohartu naizenean, neure burua irudikatu dut. Zergatik amestu, alboan, herrian, guztia eduki dezakezunean?

Benetan diotsuet –ama, zu tartean–, nik handitan zuek bezalakoa izan nahi dut.