2018 MAR. 10 sokatira Gaztediko neskek Mundialeko bigarren urrea lortu dute J.L. Urrezko domina bat, zilarrezko bat eta hiru brontzezko eskuratu zituzten euskal ordezkariek Goma gaineko Munduko Txapelketako bigarren egunean, eta kluben mailako azkeneko egunean. Txapelketaren erdia amaituta, euskal tiralariek bi urrezko, lau zilarrezko eta hiru brontzezko domina eskuratu dituzte. Atzoko emaitzarik onena ere emakumezkoetan etorri zen, atzokoan 500eko mailan, eta podium osoa, gainera, Euskal Herriko klubek osatu zuten. Gaztedik urrea golkoratu zuen, Badaiotzek zilarra, eta brontzea Ibarrarentzat izan zen. Ibarrako taldea protagonista izan zen atzokoan, beste bi domina gehiago ere irabazi baitzituen. Mutiletan, 600eko mailan lortu zuen domina horietako bat eta 600eko mistoan ere brontzezko domina lortu ahal izan zuten gipuzkoarrek. Bost domina lortu zituzten atzo euskal tiralariek, baina seigarren bat ere ez zen izan oso aparte, Zuraidek laugarren postua eskuratu baitzuen 680koan, brontzezko dominaren borrokan galdu ostean. Lapurtarrek lan ona egin zuten, nahiz eta dominarik gabe geratu ziren. Behin kluben mailakoa amaituta, gaur selekzioen mailakoa hasiko da, eta hemen ere euskal tiralariek izango dituzte aukerak. Nesken mailakoan, eta baita 23 urtez azpikoek ere, aukera asko izango dituzte dominak lortzeko, eta baita mutilen 560koan ere. Munduko Txapelketa ezin hobeto doa, eta orain klubek egin duten guztia baieztatzea nahi du selekzioak ere. Gaurko jardunaldia ere Euskal Herrian 2.30ak direnean hasiko da, hango 9.30ean, eta mutilen 560koa izango da saioari hasiera emango diona.