2018 MAR. 17 Aizkora Bilbok hartuko du Buruz Buruko Urrezko Aizkorako aurreneko kanporaketa Hamabi kirolari lehiatuko dira lehen saioan, eta hortik bik lortuko dute hurrengokanporaketako txartela. Gaurkoan segoviarrak eta madrildarrak ere arituko dira. Jon LEUNDA Buruz Buruko Urrezko Aizkora hastera doa, eta bihar bertan jokatuko da aurreneko kanporaketa, Bilboko Pedro Astigarraga plazan, 12.30ean hasita. Mailarik apalenetik hasiko da lehiaketa, eta garaipena lortzeko diren faboritoak, Atutxa edo Vicente esaterako, azkenaldera joango dira sartzen. Lehen kanporaketa honetan euskal aizkolariak izango dira lanean, baina baita haiekin batera Segoviatik eta Madriletik etorritakoak ere. Horrela, Aritz Irazabal, Julen Larrea, Beñat Lekue, Aritz Oregi, Luis Polanco eta Xabier Garcia bizkaitarrak, Hermenegildo Herrero, Alvaro Garcia, Emilio Garcia, Manuel Lopez, Marco Nevado segoviarrak eta Victor Suarez madrildarra izango dira lehen kanporaketa honetan jardungo dutenak. Aurreneko saio honetan bi fase izango dira. Aurrenekoan, lau multzo egingo dira eta bakoitzean hiruna aizkolari izango dira. Aizkolari bakoitzak bina enbor erdibitu beharko ditu. Multzo bakoitzeko onenek lortuko dute bigarren fasea jokatzeko sailkatzea. Bigarren fasean, A multzoko aurreneko sailkatua B multzoko aurrenekoaren aurka arituko da, eta C multzoko lehen sailkatua, D multzokoaren aurka. Bi final hauetako irabazleek lortuko dute hurrengo kanporaketako txartela. Bigarren fasean ere, aizkolari bakoitzak bina enbor erdibitu beharko ditu. Kanporaketa hauek beti dira erakargarriak, euskal zaleentzat erabat ezezagunak diren aizkolariak ikusteko parada izango baita, ez gaur bakarrik, baita datozen kanporaketetan ere, Segovia aldetik asko izango baitira aurtengo Urrezko Aizkoran. Hala ere, eta elkarren aurka tokatzen ez badira, behintzat, Larrea eta Irazabal izango dira kanporaketa hau irabazteko faborito garbiak, baldin eta aizkolari espainiarren batek ezusteren bat ematen ez badu. Hala ere, lana laburra da, eta honelako lantegietan hutsegite txikiak oso garesti ordaintzen dira, eta horrek ezusterako ere ate asko zabaltzen ditu. Gaurkorako, aizkora eta korrika nahastuko dituen apustua ere iragarrita dago. Ez da Euskal Herrian izango, baina, hemendik ere bat baino gehiago joango da bertara, ikusmina piztu baitu. Manel Fraile eta Jaime Huertas neurtuko dira. Biak ere Segoviakoak, Valsaingo zezen-plazan arituko dira 18.00etan. Urrezko Aizkoran aritutakoak dira biak, eta aurten ere, ezeren okerrik ez dela, izango dira bertan. Hori tarteko dela, eta duten lana kontuan hartuta, gaur euskal aizkorazale bat baino gehiago joango da Valsainera. Bakoitzak hamalau 45 ontzako enbor erdibitu beharko ditu, eta ondoren sei kilometro egin beharko dituzte korrikan. Alde bakoitzak 500 euro jokatzen ditu dirutan. Txinga Euskal Herriko txingako finala jokatuko da gaur Bakioko pilotalekuan, 18.00etan. Nesketan, Garazi Arruti, Pilar Rodriguez, eta Virginia Finol lehiatuko dira eta mutiletan, berriz, Kerman Perez de Heredia, Ousmane Drame, Unai Ardeo, Beñat Amade, Eloi Salterain eta Javier Perez neurtuko dira. Neskek esku bakoitzean 25 kiloko txingak erabili beharko dituzte, eta mutilek, 50 kilokoak. Kirolaririk gehienak bizkaitarrak dira.