GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Ipuin komertzial kontalariak


Martxoaren 8koak utzitako bestondo betean –harrotasunean, ilusio indarberrituan eta astirik galdu barik emakumeekiko diskriminazio oro behin betiko bukatzeko moduen bilaketan murgilduta–, errealitate-zaplazteko batek, nola ez, munduaren gordintasunera itzularazi gaitu. 90eko hamarkadaren hasieran bageunde bezala, Alcasserreko neskatila haiek erail zituztenean eta telebista zirku morboso lotsagabea bihurtu zenean, ume baten erailketa dugu une honetako folletoia hedabideetan (eta etekin politikoa ateratzeko kasua politikari oportunisten agendan). Luze joko du, osagai guztiak dituelako ñabardurarik gabeko zintzoen eta maltzurren arteko ipuin tradizional gisa saltzeko, eta, ondorioz, pertsonon sentiberatasuna esplotatuz telesaioek jarraitzaileak pilatzeko. Nieves Herreroren urrezko garaitik kazetaritzak ezer ikasi ez balu bezala, jendartea ezer bilakatu ez balitz bezala, hedabide handiek kasuak komertzial edo anekdotiko bihurtzen jarraitzen dute. Bada, ez dago istorio salgarriagorik gertuko hiltzailearena baino; pentsa hiltzaile hori, gainera, emakumezkoa, beltza eta etorkina baldin bada… zer-nolako amaorde maltzur, hotz, bihozgabe eta beldurgarria protagonista, zer-nolako aukera jendaurrera botatzeko eta, lehenik haren emakumetasuna eta ondoren jatorria etenik gabe nabarmenduta publikoa xaxatuz, matxisten, arrazisten eta xenofoboen laguntzaz egundoko hondar mediatikoa antolatzeko. 90eko hamarkadan ez bezala, lehoi anonimo odolzaleek egun sare sozialak dituztelako, eta 90eko hamarkadan bezala –hau bai ez dela zipitzik aldatu– informazioa bera piperrik axola ez zaielako, ez baldin bada nazio espainiar zuri androzentrikoa garbitzen laguntzeko.

Hedabide handienek ere, dena den, produktu izarren apartekoak ere behar dituzte bizirauteko, informatzaile eta inpartzial eta serioaren itxurari eusteko, eta izarren hautsak bete gabeko lekutxoetan bestelako albisteak txertatzen dituzte. Marielle Franco aktibista brasildarraren erailketa, kasu… norena pentsatzen ariko zara, agian. Izan ere, emakume honen berri ez duzu telebista parean izango, ez eta kazeta handiak gainbegiratuz ere. Bilatu egin beharko duzu, lau tiroz hil dutela baino gehiago jakin nahi baduzu, giza eskubideen aldeko faveletako defendatzaile sutsu baten erailketa anekdota soiltzat baino gehiagotzat jotzen baduzu. Bide beretik jarrai dezagun nahi duten ipuin komertzial kontalariei jokoa jarraitu nahi ez badiezu.