GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

Hasi da aurten 20 urte beteko dituen Europako bodyboard zirkuitua

Berrikuntzak eta lehiaketa berriak 2018ko Europako bodyboard zirkuituan.


Aurten 20 urte beteko ditu Europako bodyboard zirkuituak eta ohikoa baino txapelketa gehiago izango dira tourra osatzen duten hiru kategorietan. Alex Uranga, Joana Schenker eta Rodrigo Lopes dira iazko European Tour of Bodyboard zirkuituko garaileak, eta, aurten ere, tituluari eusteko tourrean izango dira.

Zirkuitua osatzen duten txapelketen artean udazkenean Zumaian egingo dena dago. Aurtengoan, gainera, kategoria guztietako bodyboarderrak bilduko ditu urtez urte gero eta indar gehiago hartzen ari den Itzurungo txapelketak. Ondorioz, Zumaia Bodyboard Pro 2018 orain artean Euskal Herrian egin den bodyboard txapelketa garrantzitsuenetakoa izango da dudarik gabe.

Lau dira Europako bodyboard itzulian kontuan hartzen diren kategoriak: nesken eta mutilen kategoria irekiak (adin mugarik gabekoak), eta 18 urtetik beherako nesken eta mutilen junior kategoriak. Mundu mailan kontuan hartzen den dropknee kategoriak, belauniko, ez du lekurik zirkuitu europarrean, ez baita zale askok praktikatzen duen modalitatea.

Kategoria irekian zein junior kategorian lehiatzen duten mutilek bost herri desberdinetan egingo diren bost txapelketetan parte hartu beharko dute (Portugal, Frantzia, Kanariak, Maroko eta Euskal Herria). Nesken kasuan, ostera, hiru herrialdetan egingo diren lau txapelketek osatuko dute 2018ko ETB zirkuitua (Portugal, Frantzia eta Euskal Herria).

Urte interesgarria

Europako bodyboard tourra pasa den astean hasi zen Portugalen, Caparicako kostaldean. Kategoria guztietako lehiakideak bilduko dituen itzuliko azken lehiaketa, berriz, Euskal Herrian izango da datorren udazkenean, Zumaiako Itzurun hondartzan.

Europa mailako bodyboard txapelketa antolatzen duten bosgarren aldia izango da Zumaian. Lehen aldiz 2016an egin zuten, eta duela bi urte neskei ere lehiatzeko aukera eskaini zieten. Iaz nesken txapelketa bertan behera geratu zen, baina junior kategoriakoa egin zuten.

Iazko bi garaile nagusiak ikustea besterik ez dago kontinente zaharrean bodyboarda osasuntsu dagoela egiaztatzeko. Schenger iazko munduko txapelduna izan zen eta 20 urte baino ez ditu. Azken urteetan Europako titulua lau bider jarraian irabazi du. Urangak, berriz, 2016ko eta 2017ko Europako tituluak irabazi zituen. Europa mailan bakarrik ez, mundu mailan ere lehiatzen du zumaiarrak eta Lehen Mailan sailkatua dago gainera.