GARA Euskal Herriko egunkaria
Surf

Imanol Yeregi txapeldun Caparican eta Nadia Erostarbe hirugarren

Imanol Yeregi zumaiarrak munduko QS txapelketa irabazi zuen ostegunean Caparican (Portugal) amaitu zenlehiaketan. Nadia Erostarbe zarauztarrak, ostera, hirugarren postua lortu zuen Europako junior txapelketan.


Kategoria anitzetako txapelketak izan ziren pasa den astean Caparican (Portugal), baina haien artean sona gehien zuen txapelketa Imanol Yeregi zumaiarrak irabazi zuen. Aipagarria izan zen ere, Nadia Erostarbe zarauztarrak 18 urte azpiko Junior kategorian lortutako hirugarren postua.

Yael Pena kanariarra (Cola Cao markaren iragarkian agertzen den surflari famatua), Reunioneko Ugo Robin eta Gony Zubizarreta galiziarra garaitu zituen Yeregik metro bateko olatuekin egin zen finalean. Zumaiarrak 8,33 puntu lortu zituen lehen olatuan eta hortik aurrera bere arerioek ezin izan zuten puntuazio hoberik eskuratu.

Yeregik Portugalen irabazitako txapelketa aste honetan bertan Zarautzen egingo duten txapelketaren parekoa da, alegia, QS (Qualifying Series) mailakoa. Alde bakarra da Caparicakoa 1.000 puntukoa zela eta Zarauzkoak 1.500 puntu emango dizkiola irabazleari.

Ez da euskal hiritar batek QS mailako txapelketa bat irabazten duen lehen aldia, baina ez da batere ohikoa ere. Izan ere, Europako QS txapelketetan parte hartzen duten lehiakide gehienak europarrak izan arren, maila oso altua izaten da.

Ruben Vitoria zarauztarrak irabazi zuen pasa den otsailean Tenerifen egin zen QS txapelketa eta horri esker 1.500 puntu eskuratu zituen. Yeregik Portugalen lortutako garaipenari esker, berriz, 1.000 puntu eskuratu ditu, eta, Vitoriarekin batera, aste honetan Zarautzen egingo den 1.500 puntuko txapelketan emaitza on bat lortzeko aukera handiak ditu, Zumaiakoarekin batera, Yeregik ondoen ezagutzen duen hondartzetako bat baita Zarauzkoa. Halako txapelketetan, gainera, ikusleen babesa izateak lagundu egin dezake eta dudarik ez da Zarautzen jarraitzaile andana izango dituela.

Nadia Erostarbe

Ezin hobeto hasi du urtea Nadia Erostarbe zarauztarrak. Australiara egin berri duen bidaia batetik bueltan, gogotsu joan zen Portugalen egingo ziren bi junior txapelketetan parte hartzera eta oso emaitza onak lortu zituen. Espinhon bigarren postua eskuratu zuen Erostarbek, eta, Arican, berriz, hirugarrena.

Gauzak horrela, Erostarbe egun ranking europarreko hirugarren postuan da, Melania Suarez eta Anat Lelior lehiakideen atzetik. Horrela jarraitzen badu urtea postu onean amaitzeko aukera asko ditu zarauztarrak.

Europako junior zirkuitua abian

Mutilen zein nesken Europako junior zirkuitua berbera izaten da. Bost lehiaketek osatzen dute aurtengo zirkuitua, baina, dagoeneko bi txapelketa egin direnez, beste hiru falta dira, horietatik bi maiatzean izango dira Frantzian, Finistere eta Biscarrosseko kostaldeetan. Aurtengo junior titulu europarra nork eramango duen jakiteko erabakigarria izango den zirkuituko azken txapelketa, berriz, Sopelan izango da uztailean.

Europako junior zirkuituko lehen txapelketa martxoaren 24an amaitu zen Espinho hondartzan (Portugal) eta Mathis Crozon (Reunion) eta Melania Suarez (Kanariak) izan ziren irabazleak. Bi metroko olatu indartsuak izan arren, 18 urtetik beherako gazteek baldintza zailetan ere goi mailako surfa egiteko gai direla erakutsi zuten. 2018ko Europako junior itzuliko bigarren txapelketa, berriz, martxoaren 28tik 30era jokatu zen Portugalgo Caparica kostaldean, eta irabazleak Marco Mignot frantsesa eta Anat Lelior israeldarra izan ziren. Metro bateko olatu garbiak izan ziren eta lehiakideek mota guztietako ariketak egin ahal izan zituzten.

Caparica Primavera Surf Fest txapelketan ez ziren soilik junior kategoriako lehiakideak itsasoratu, QS eta longboard kategoriako surflariak ere aritu baitziren lehian. QS kategorian Imanol Yeregi (EH) eta Justine Dupont (Frantzia) gailendu ziren, eta, longboard kategorian, ostera, Antoine Delpero (Frantzia) eta Honolua Blomfield (Hawaii).

Honi buruzko guztia: Surf