2018 API. 03 HEZIKETA TEKNIKOAK EZ DU EMAKUMEAK ERAKARTZEA LORTZEN Lanbide Heziketako industria arloko laneratzea %100ekoa izan arren, ikasleak falta dira, bereziki emakumeak. %5 soilik dira hauek eta hamar urteotan ez da igoerarik sumatu. Zergatiak, ondorioak eta egin beharrekoak aztertu ditugu, baita testigantza baikorrak jaso ere. Maider IANTZI Hetel Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartean 23 zentro dira. Laneratze tasa hagitz altua dute oro har. Ziklo guztiak kontuan hartuta, batez besteko tasa %80koa da; industria arloan, ia %100ekoa. Batzuetan hortik gorakoa ere bai eta orduan ikasleak aukeratzen du zein enpresatara joan. LH Duala eginez gero, lanerako aukerak are gehiago handitzen dira. Etorkizunera begirako aurreikuspenak ere «oso onak» direla dio Julen Elgeta Heteleko presidenteak. Alde negatiboa da ikasleak falta dituztela enpresetara bidaltzeko. «Arazo larria da. Alde batetik enpresak eskatzen eta eskatzen eta, bestetik, gu jendea animatzen industriarekin lotutako zikloetan matrikulatzera. Kostatzen zaigu mezu hori behar den moduan bidaltzea», aitortu du. Batez ere emakumeen hutsunea dute. Industria sektoreko zikloak egiten dituzten emakumezkoen ehunekoa hagitz baxua da, %5-6koa. «Eta txarrena da ez dugula inongo igoerarik igartzen azken hamar urteetan. Lehen, adibidez informatikako zikloetan nahiko oreka zegoen, baina orain hori ere ez. Mutilak gehiago dira neskak baino». Hainbat faktore LHn oro har ikasleen erdiak emakumeak dira eta beste erdiak gizonak, baina zooma eginez gero desorekak agertzen dira. Elgetak azpimarratu duenez, horiek gainditzea ez da ikastetxeen erronka soilik. «Denona da: hedabideak, familia, lagunak eta erakundeak, Gobernutik hasita. Batera ez bagoaz oso gaitza ikusten dut egoerari buelta ematea. Lehenengo argi ikusi behar dugu guztion arazo bat dela, herri moduan arazo larri bat. Gazteak guregana ailegatzen direnean jada argi daukate zer ez duten nahi. 16-17 urterekin esango diezu trokelgintza egiteko? Sekula ez dute horretaz entzun eta jaso dituzten mezuak kontrakoak izan dira». Txikitatik zer egoera ikusten ditugun galdetu du Heteleko presidenteak: «Zein da amaren rola? Eta aitarena? Fusible bat apurtzen denean zeinek konpontzen du? Lagunen artean berdin. Eta ikastetxeetan, irakasleek batzuetan orientatu baino desorientatu egiten dute. Gurasoak badakizu nolakoak garen. Berdin du zer egitera zoazen, baina joan unibertsitatera. LH bigarren plater bezala ikusten da. Erakundeei dagokienez, kontziliazioa, arduren banaketa, argiago sustatu behar dira. Bestela, guregana datozenean rolak oso finkatuta daude. Batzuetan eragina edukitzen dugu eta aldaketa txiki batzuk lortzen ditugu, baina edozein ikastetxetan robotikako gela batera sartzen bazara ez duzu neskarik ikusiko. Izatekotan bat edo bi». Hetelen ekintzak egokitzen saiatzen dira. «Adibidez, pentsatzen dugu: bisita bat egingo dugu enpresa industrial batera, polita, indartsua, garbia, modernoa, eta neskak eramango ditugu. Gainera, aurretik berba egingo dugu enpresakoekin eta esango diegu emakume gehien dauden tarteetatik pasako garela ikasleekin. Edo enpresa batean, nahiz eta ona izan, emakumerik ez badago ez gara joango». Parke Teknologikoetara 800 ikasle eraman dituzte ze industria dauden ikusteko eta emakumeak animatzeko. Esplikatu duenez, oro har goi mailako industriako lanpostuak egonkorragoak dira zerbitzuetakoekin konparatuta. Soldatak ere hobeak dituzte. «Emakumeak zerbitzuetara badoaz eta gizonak industriara, arrakala hor egongo da betirako. Desoreka hori apurtu behar da, bi aldeetara bidaliz bai gizonak bai emakumeak. Momentu honetan industria gizonek egin duguna da, emakumeak orain arte oso gutxi egon dira. Guretzat olatu hau altuegia da, gainetik pasatzen zaigu. Saiatzen gara kanpainak egiten, baina oso txikiak gara honi aurre egiteko. Arazoa oso globala da eta lidergoa gaitasuna daukanak hartu behar du», nabarmendu du. Lea Artibai ikastetxean Isabel Mendiguren bat dator Julen Elgetarekin jendarte gisa emakumeak LHra edo heziketa teknikora hurbiltzen laguntzeko zeregina dugula baieztatzean. 21 urte darama Mendigurenek Lea Artibai ikastetxean, Markinan. Ingeleseko irakasle hasi zen eta zuzendaria da duela sei urtetik. «Zuzendaritza taldeko denok gara emakumeak: LHko arduraduna, lanerako prestakuntzakoa, batxilergokoa, administraziokoa… Alor teknologikoan badauzkagu emakume irakasleak, bai elektronikan eta bai mekanikan». Nagusiki LHko ikastetxea da. Eskualdeari zerbitzua ematen dionez, eskaintza zabala du: mekanika, elektronika, mantenimenduko eta efizientzia familiako zikloak, administrazio arlokoak... «Bakarrak gara EAEn elikagaien industriako zikloa ematen dugunak. LH Duala ere egiten dugu eta Batxilergoa ere badaukagu». Administrazioko zikloa nagusiki emakumeek egiten dute. Elikagaienean %60 dira. Aldiz, industrialetan %99 gizonezkoak dira. «Zazpi emakume daude hauetan denetara. 25-40 urteko emakumeak dira, bigarren ikasketak egiten ari direnak, lanetik bueltan datozenak. Lan aukerak hobetzeko datozenak, LH bide bat dela sinestuta. Batxilergoa egin eta 18 urterekin LH ziklo tekniko bat aukeratzen duen neskarik gurean ez dugu ezagutu. Mutiletan ere 22-23 urtetik gorako gizonezkoak etortzen dira LH egitera, langabezian geratu direlako edo kualifikazioak hobetzeko». Epe ertainean arazoa egonen dela espero dute: «Garai bateko baby boomeko langileak jubilatzen direnean belaunaldi berriak ez dira nahiko izango lanpostuak betetzeko». Elgetak bezala, Mendigurenek berretsi du emakumeak animatzeko hainbat ekintza egiten dituztela, baina ez dutela asmatzen. «Gure batxilergoetan dauden neskei esanez gero LHra etortzeko, oso zaila litzateke konbentzitzea. Lanbide batzuek genero orientazioa daukate. Zerekin lotzen duzu mekanika? Gizonezkoarekin, zoritxarrez. Irudi hori oso errotuta dago. Eta ez gara emakumeengana, hau da, biztanleriaren erdiarengana heltzen». Lea Artibai ikastetxeko zuzendariaren ustez, kultur faktoreak eragiten du honetan. Jendarteak eta familiak. «Zenbat gurasok aholkatuko liokete alabari ziklo formatibo industrial bat egitea, pentsatuta makina baten aurrean mekanizatzen lortuko duela lana? Nahiz eta badakigun industria gero eta aurreratuagoa izanda lanpostuak ere ez direla garai bateko bata urdin koipedun horiek. Lanerako prestakuntzan eta enpresekin harremanetan dabilen gure lankideari galdetzen diot: enpresek jartzen dute eragozpenik emakumea eskainiz gero lanpostu bat betetzeko? Ez». Gaineratu duenez, lanerako profil hauek behar dituenez, industriak soldata hobeak eskaini ditu. «Enpresak prest daude beste lantoki batean lanean ari denari gehiago eskainiz eurenera erakartzeko. Eskatzen dauzkagu eta ez daukagu nor bidali». Agertu duenez, beren ikastetxean ikasleen hasierako aukera unibertsitatea da oraindik. %80 unibertsitatera doa eta %20 LHra. «Ez nuen nire burua hemen ikusten, baina aurrera zoaz eta diozu: zergatik ez?» Izaskun del Fresno, 42 urte, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikaslea da. Programazio mekanikoko lehen maila egiten ari da. Administraritza ikasi eta hainbat lanetan ibili zen, «lorez lore», bere bizitzan aldaketa bat nahi zuela sentitu zuen arte. Kuadrillan animatu zuten. «Mekanika eginda daukaten lagunek, bai neskak bai mutilak, beharra dagoela esaten zidaten. Hasieran ez ninduen batere erakartzen. Azkeneko lanpostua bata zuriarekin izan da, osasun zentro batean, eta orain bata urdin bat jantzi behar dut, guztiz kontrakoa. Ez nuen sekula esperoko mundu honetan sartzea. Ikaskideek 18-20 urte dituzte. Neska bakarra naiz eta zaharrena, gainera. Etxean bi ume ditut, 6 eta 4 urtekoak. Gai izango naiz? Ilusioa egiten zidana zen hemendik bizpahiru urtera lanpostua izango dudala jakitea, ziur gainera. Hori zen nire motibazioa», kontatu digu. Gogorra da, baina etxean laguntza handia du eta gustura dabil. Administraritzarekin konparatuta ikasketak «oso desberdinak» dira eta zerotik hasi da. «Hasieran ez nuen nire burua hemen ikusten. Baina aurrera zoaz eta esaten duzu: zergatik ez? Tailerrean hasi nintzenean esaten nuen: zeozer apurtuko dut, botoiren bati emango diot… Baina keba! Orain gusturago nago, irakasleak ere esaten dit solte eta gogoz ikusten nauela. Klasean beste bat bezala hartzen naute. Whatsapp taldea ere badugu». Zergatik ez dira animatzen emakumeak? «Betiko gauza da: emakumeak zerbitzuetara eta administraritzara, eta gizonak fabrikara zikintzera. Hori hala izan da eta hala jarraitzen du oraindik. Gizarteak hala banatu gaitu. Neska batek berdin-berdin egin ahal du industrian lan, guztiz. Baina beste begi batzuekin begiratzen zaio». Emakumeak animatzen ditu industria sailera sartzera. «Zergatik ez? Guk ere balio dugu eta ikasteko ez dago adinik. Ez da aterik itxi behar; ateak eta leihoak guztiz zabaldu eta korronteak eramango zaitu. Ez dakizu non bukatuko duzun...».M. I.