GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Arbolaren egia


Ez zen, atzokoan, duela urtebete bezain jendetza ikusten Baionako karriketan. Ez zen duela urtebete bezalako bero saparik baina han bildutakoen papoen barruan orduko sua berpiztu zen Roland Barthes zelaian paratutako “Arbolaren egia” eskulturaren estreinan. Berriro ere norabide gaiztoan giroa tenkatzeko ahaleginen gainetik, zutik da jada Lapurdiko hiriburua hartzaile eta euskal herritar andana lekuko izan zuen berealdiko jazoera sinbolizatzen duen artelan mardula.

Normalean, antzeko obrak jartzen direnean, aparteko pertsona, talde edo gertakizun baten oroigarri izatea da xede nagusia. Hain da laburra gizakion memoria! Gainera, jada iragana den zerbait irudikatu ohi dute, gehienetan zerbait mingarria, herri baten edo belaunaldi batzuen bizitza gogor astindu duena. Baina iruditzen zait, honetan ere, gu ez garela oso «normalak». Nik behintzat ez diot iraganaren trazarik hartzen, ez erabat behintzat.

Egia da –eta hala adierazi du egileak berak– jada pasatako gertaera bat irudikatzen duela, hots, ETAren armagabetzea eta aro baten amaiera. Erakundeak bere disoluzioaren berri uda aitzinetik emango duela entzuten da han-hemenka. Hori gauzatuta ere, zalantzak ditut aro hori guztiz bukatua den. Beharbada borroka mota horrena bai, baina ez borrokarena berarena.

Izan ere, ondorio askotxo dago oraindik bizi-bizirik eta, zeresanik ez, borrokaren zioak berak. Horregatik nik iraganaren, orainaren eta etorkizunaren interpretazioa ematen dizkiot. Koldobika Jauregi egileak gurean hain esanguratsua den zuhaitzaren altzora itzultzea sinbolizatzen duela esan du bere azalpenetan. Enbor beretik sortutako adaxkaren itzulera historikoki zuhaitzaren azpian biltzen ziren erakunde burujabeen jardunbidea helmuga hartuta.

Ez gaude oraindik horretan, ordea. Hitzaren bidea eta errespetua oinarri izango luketen erakunde burujabeak sortzeke ditugu; are, erakunde horiek ordezkatuko luketen subjektu politikoa –euskal estatua– hezurmamitu gabe dugu. Horratx gure orainaldiko lana arbola zutik eta lerden mantentzeko, etorkizunean fruitua eman dezan. Horratx arbolaren egia.