2018 API. 09 Zarautz Pro 155 Surflari ernegatua Ez dakit zuen herrietan horrela den, baina nirean, euskaltzaleen mundua osatzen dugun pertsonon ezaugarri nagusia beti koldarkeria izan da. Gehienak, boteretsua molestatzeko beldurragatik edo, egiazko auziari iskin egiten ibili izan gara, horrela, errepresioaren jomugatik at egongo ginelakoan edo gaiztoengandik bereizita egurra «betikoek» bakarrik jasoko zutelakoan. Egunkariarena gertatu zenean konturatu ginen batzuk alferrik dela euskara eta politika bereizteko diskurtso hori, alegia «euskaltzale soilik» izateko saiakera horrek ez gaituela libratuko, itsasoko ura eta gatza bezala, bereizezinak baitira euskara eta euskaldun izatea. Ondorioz, euskararen alde edo euskal estatu baten alde dagoen oro Estatuen etsaia da. Gure burua engainatu dezakegu gure arteko bereizketak egiten, baina Estatuak ez ditugu engainatzen, haien begietara guztiok gauza bera gara. Horregatik, halako edo bestelako guneetan euskararen presentzia bermatzearekin konformatzen direnak alferrik ari dira, papurrak baino ez dituzte jasoko, zeren agintea gure esku ez dugun artean jopu hutsak izango gara. Hori argi geratu da azkeneko Zarautz Pro surf txapelketan. Zarauzko txapelketaren arduradun nagusi ordezkari espainiar bat ezarri zuenean WSL erakundeak bere 155 artikulua aplikatu zuen. Zarauzko surf txapelketa egiaz antolatzen dutenek (EHSF, herriko boluntarioak eta abar) ez dute ulertzen euskararekin dituzten arazoak konpontzeko petatxuak baino ez dituztela jartzen. Parte-hartzaile guztiak beren nazioetako banderaz ordezkatuak egotea, baina euskaldunen kasuan banderarik ez jartzea (ezta frantsesa edo espainola ere) ez da kasualitatea. Komunikazio arloan euskararen presentzia bigarren mailakoa izatea ere ez da kasualitatea. Ez da kasualitatea, WSL erakundeko ordezkari espainiarrak euskararekiko eta euskal hedabideekiko erakutsi duen jarrera baztertzailea. Euskararen kontua dela eta, «arazoari irtenbide alternatibo bat» proposatzen zigun, arazoa, ezarritako eskeman, lau hizkuntza hitz egiteko gai garenak baitugu eta ez hizkuntza bat soilik ulertzen duenak. Euskara «arazo bat» da. Ezer ez da kasualitatea. Federazio, elkarte, udaletxe eta abarren esfortzuak alferrikakoak dira, azken hitza duena atzerritar bat bada. Edo WSL erakundeak Zarauzko errealitatetik abiatuta errespetuz jokatuko duen arduradun bat ezartzen du, edo halako mendekotasun baldintzetan txapelketa antolatzeko prest ez gaudela esaten diegu. Bestela, urtero euskara gora eta euskara behera, euskaltzaleak erraz aztoratu eta baretuko diren mugimendu aspergarriekin ibiliko gara. Edo txapelketaren ardura nagusia bertakoei delegatzen zaie edo maila orokorra jaistera behartuko gaituen ordezkari baten menpe egotera kondenatuak izango gara. WSL erakundeari ere komeni zaio atzera baino, aurrera egiteko gaitasuna eta gogoa duen ordezkari bat izatea. Txapelketako eragile nagusiak (EHSF eta udala) baldintzak jartzeko moduan daude, baina horretarako auzia modu integralean ikusteko gai izan behar da. Arazoa ez da euskararen presentziaren zenbatekoa den, euskaldun gisa jardun eta errespetatuak izatea baizik. Gainontzekoa, papurrak dira. WSL erakundeak bere 155 artikulua aplikatuzuen Zarautz Pro txapelketaren arduradun nagusi ordezkari espainiar bat ezarri zuenean. Agintea gure esku ez dugun artean, jopu hutsak izango gara.