GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Gerra asimetrikoa bi handienen artean


Trumpek AEBen eta Txinaren artean abiarazi duena merkataritza-gerra ote den erabakitzen oso entretenituta dabiltza adituak. Ez dakit ezertarako balio ote duen gogoeta horrek, hala ere. Izen batekin zein bestearekin, edo izenik gabe, muga-zergak berragertu dira eta, gehienera, noraino irits daitezkeen aurreikustea izan daiteke interesgarria.

Ez baita egia, inondik ere, gai horretan Trumpek darabilen ideia gidaria: «Merkataritza-gerrak onak dira eta aise irabazten dira». Munduko ekonomialari gehienen, ez esatearren denen, ikuspuntua da mesede baino kalte gehiago egiten duela epe ertain eta luzera lehendik ez dauden muga-zergak ezartzeak. Oso bestelako kontua izan daiteke lehendik daudenak kentzea...

Irizpidearen bigarren zatia, merkataritza-gerrak aise irabazten direla dioena, da okerragoa, hala ere. Merkataritza-gerrak ia inoiz ere ez dira laburrak izaten, alderantziz baizik: betikotzeko joera izaten dute. Eta kostuak, handiaren handiz, neurtezinak izan ohi dira usu, alde bakoitzean. Horregatik entzuten zaie askori, gehiago edo gutxiago, “alde guztien galbideko gerrak”, alegia. Eta egia da Diogenesen kriseilua behar dela historiako merkataritza-gerra serio batean irabazleak aurkitzeko.

Trumpen hitzen, eta asmoen, benetako giltza kausitzeko ez da azkarregia izan behar, nik uste. Mehatxu handiz jantzitako «gerra» txiki-txiki bat abiarazi nahi du, negoziaketa bentajista azkar batean amaitzeko. Eta horretan datza haren hutsegiterik larriena.

Alde batetik, aurkaria ez delako morroi koitadu bat, munduko bigarren potentzia ekonomikoa baizik; bere ekonomiaren eta eragile ekonomikoen gain AEBek ez bezalako eskuduntzak dituen erregimen autoritarioa eta aginte porlandua duena une honetan. Bestetik, merkataritza-gerra guztiak ezinbestez direlako asimetrikoak; eta asimetria horretan kosta egiten da AEBen aldeko faktoreak aurkitzea oraingoan.

«Ez dugu nahi, baina ez diogu beldurrik merkataritza-gerrari», diote Pekinen. Kontuak aterata...