2018 API. 21 Harri-jasotzea Aimar Irigoien buru dela jokatuko da Gorostidi Harria Txapelketa J.L. Urtero moduan jendetza izango da bihar arratsaldeko 18.00etan Adunako pilotalekuan jokatuko den Gorostidi Harria Txapelketan. Lehiaketa bizi eta ikusgarria izaten da, eta aurtengoan ere Aimar Irigoien izango da faboritoa. Errezildarra tartean baldin bada, beti izaten da faboritoa, eta gainerakoek oso zaila izango dute bera mendean hartzea. Hala ere, parte-hartzaileen artean izen oso onak daude, eta ikuskizuna segurtatuta dago. Irigoienekin batera, Xabier Aranburu, Iban Ugartemendia, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Izeta IV.a, Xabier Peñagarikano eta Imanol Illarramendi arituko dira. Zortzi harri-jasotzaile, beraz, lanean jardun beharko dutenak, eta bakoitzak 175eko, 150eko eta 160ko zilindro zaharra, eta hauekin batera 155eko errektangularra eta 109ko baldarra erabili beharko ditu. Harri bakoitzari bina jasoaldi eman beharko dizkiote, eta lan guztiak egiteko denborarik gutxien behar duenak lortuko du garaipena. Gehienez ere hamar minutuko txanda bat izango dute. Horiez gain, han egongo da 185 kiloko zilindro zaharra ere, eta txapelketatik kanpo harri hori norbaitek jasotzea lortzen baldin badu, 500 euroko sari berezia eramango du. Azken urte hauetan harri hori hortxe egoten da, baina inork ez dio heltzen. Ikusiko da ea aurtengoan parte hartzen dutenen batek heltzen dion, edo agian besteren batek heltzen dion, zaleek ere nahi baitute harri hori altxatzen ikusi. Jokin Eizmendi izango da Aimar Irigoienen aurkari nagusia. Zarauztarra saiatuko da Aimar estutzen. Ezusteren bat ez baldin bada, bi kirolari hauen artean egon beharko litzateke txapela.