2018 API. 23 PRESOEN AUZIA Haur motxiladun bat gutxiago dagoela ospatu dute Izarrekin Sara Etxera plataformaren azken ekitaldia izan bazen ere, gelditzen diren 104 ume motxiladunen eskubideen alde borrokatzen jarraituko dutela iragarri zuten. Azken eguneraketa: 2018 API. 23 - 17:13h Nagore BELASTEGI DONOSTIA Sara Majarenas preso donostiarra etxean da bere zigorra osorik bete ostean, eta harekin batera Izar alaba txikiak ere normaltasunean bizitzeko aukera izango du. Horregatik, Izarrekin Sara Etxera plataformak bere jarduera eten egingo du eta sustatzaileek gelditzen diren ehundik gora ume eta nerabe motxiladunei babesa eskaintzera bideratuko dituzte indarrak. Haur motxiladun bat gutxiago dagoela ospatzeko, atzo azken ekitaldia egin zuten Intxaurrondo auzoan. Txalaparta doinuekin hasi zen eta ondoren, txikien gozamenerako, Porrotx igo zen kioskora. Pailazoak adierazi zuen poz-pozik dagoela motxiladun ume eta ama bat gutxiago daudelako, baina oraindik zama hori jasan behar dutenak izan zituen gogoan. Horiek ere ekitaldiaren parte izateko, bertan zeuden guraso presoen seme-alabei dei egin zien eta denek elkarrekin pare bat abesti kantatu eta dantzatu zituzten. Preso daudenei ere abesti bat eskaini eta musuak bidali zizkien. Horrela, Izarrekin Sara Etxera plataformak lekukoa pasatu zien nolabait gainerako familiei, Majarenasen afera amaitu bada ere beste askorena oraindik abian delako. Festarako baliatu zuten topaketa, baina aldarrikapenak alde batera utzi gabe. Plataformaren izenean gogoratu zuten mugimendua «gaur bizitzen ari garen une hau lehenbailehen gerta zedin» sortu zela, eta urte osoan zehar eman diren pausoak «oso motibagarriak» izan direla. 2017ko urtarrilaren 15ean Izarri eraso zion bere aitak, eta haurra egoera larrian utzi zuen. Ondotik zailtasun handiak izan zituzten ama-alabek, ospitalean elkarrekin egoteko ezarri zizkieten zailtasunengatik lehenengo eta Izar hiru urte betetzera zihoanean elkarrengandik banatzeko arriskuagatik gero. «Izar amarengandik urruntzeko arriskua zegoen, hain justu ama gehien behar zuenean, eta lortu genuen elkarrekin mantentzea. Gaur hemen ditugu eta pozik gaude Izar dagokion lekuan dagoelako, amarekin eta etxean», esan zuten. Babesa eta maitasuna Urte honetan zehar haur motxiladunen arazoa bistaratzea lortu dute eta horiek beren esperientzia kontatzeko aukera izan dute, zama pixka bat arinduz. Plataformaren esanetan, ostera, oraindik asko dago lortzeko eta gizarteari dagokio «haurren eskubideak bermatu daitezela eskatzea eta horiei etorkizun hobe bat eskaintzea egoera honekin amaituz eta berriro gertatuko ez dela ziurtatuz». Hori lortzeko eta gatazka amaitzeko «batzen gaituenari lehentasuna emanez lan egitea» proposatu zuten, «desberdintasunak alde batera utziz». Etengabe irribarrea ahoan egon zen preso ohiak berak hartu zuen hitza amaieran, nabarmen hunkituta. «Txalo hauek zuentzat dira, emandako babes eta maitasunagatik. Urte latz honek alde positibo bat baldin badauka, hau izan da; herri honek duen antolatzeko eta bat-batean erantzuteko gaitasuna. Lortutakoa, eskatzen genuen guztia ez bada ere, zuei esker lortu da», azpimarratu zuen eta ildo beretik jarraitzeko deia egin zuen: «Gai horiek jorratzen jarraitu behar dugu, duintasunez bizi nahi dugulako». Apirilaren 9an berreskuratu zuen askatasuna Majarenasek, eraso gogorra jasan ostean eta baldintzapean irteteko baldintzak betetzen zituen arren 13 urteko zigorra osorik beteta. Espetxean utzitako kideak ekarri zituen gogora, baita horien senideak ere. Era berean, egoera honi eusteko arrazoirik ez dagoela adierazi zuen. «Burumakur ikusi nahi gaituzte, baina ez dute lortuko. Irriz eta indartsu jarraituko dugu», adierazi zuen amaitzeko. HUNKIGARRIA Ekitaldi alaia antolatu zuten arren, emakume preso batek espetxean jasan behar duenari buruzko performanceak jendea hunkitu zuen.