GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Panmunjomeko usoa, 65 urte geroago


Hiru jeneral, hiru mahai, idazki bat, hiru hizkuntzatan, astelehen goiz batean. Eta Picassoren “Usoa” zapi batez estalita; hiru jeneraletako batek hala eskatu zuelako. Komunista omen zen (ez dakit Picasso ala usoa zen komunista, edo biak).

Horrela, komeriatik gertu, sinatu zen 1953ko uztailaren 27an Panmunjomeko armistizioa. Gutxi gorabehera bi milioi eta erdi zibil korear eta milioi bat soldadu korear, txinatar, estatubatuar eta abar hil zituen gerra geldiarazi zuena. Geldiarazi; ez amaiarazi... Koreako Gerra oraindik ez baita amaitu, 65 urte igaro ondoren.

Espazio bertsuan –metro batzuetara; 1953ko barrakoia “Ipar Korean” zegoen; egun “Bakearen Museoa” dago orube hartan– elkartuko dira ostiralean Moon Jae-in, Hego Koreako presidentea, eta Kim Jong-un, Ipar Koreakoa. “Hego Koreako” aldean oraingoan. DMZ-Desmilitarizazio Zona estuaren barnean beti. Lehenengo aldia izango omen da iparkorear agintari batek “Hego Koreako” lurra zanpatzen duena. Ondoren, Kim eta Trump bilduko omen dira maiatzean.

Komiko samarra dirudi... baina mundua leherraraz dezakeen espoleta hantxe dago... 65 urte hauetan bezala. Ekialde Hurbilean edo Kaxmirren baino gehiago, pentsa. Eta 1953ko paper hirueledun hura bera izango da mahai gainean orain ere. Han aurreikusten zen bake-negoziaketari ekin beharko baitzaio, ezer onik egitekotan.

Alabaina, agian, horri ekin aurretik, 13(d) paragrafoa irakurri eta betetzeaz hitz egin nahiko du norbaitek... Gerra garaian korear penintsulan ziren armak ez besterik edukitzea adosten zen atal hartan. 1956an Ameriketako Estatu Batuek unilateralki akordioa ez betetzea erabaki zuten, eta bi urte geroago misil nuklearrak ezarri zituzten Hego Korean. Gaur arte. Ipar Koreak ez zuen orduan antzeko ezer. Gaur bai.

1953koetatik, usoa bakarrik geratzen da. Zapipetik ikusiko zituen orduan W. K. Harrison, Nam Il eta Peng Dehuai. Museo ipartarraren frontispiziotik ikusi beharko ditu orain Moon eta Kim. Baina papera eta arazoa ordukoa da. Arma nuklearrekin, orain.