2018 API. 30 Eskalada Soka&Block zirkuitua arrakasta handiz amaitu da Hilaren 21ean, Iruñeko BiHatz boulder aretoan, hirugarren eta azken proba jokatu zen. Nafarroan eskalada lehia batean inoiz izandakoparte hartze handiena izan zen: 196 lehiakide. Antolatzaileak pozarren dira lehen ekitaldiak izandako jarraipen bikainarekin. Andoni ARABAOLAZA Soka&Block eskaladako zirkuitua amaitu berri da. Eta lasai asko esan dezakegu lehen ekitaldiak erabateko arrakasta izan duela. Hiru hitzordu izan ditu; azkena, hilaren 21ean, Iruñeko BiHatz boulder aretoan. Proba horren aurretik beste bi izan ziren, hurrenez hurren Antsoain eta Atarrabiako rokodromoetan. Hain zuzen ere, eskaladako hiru horma horietako arduradunak izan dira Soka&Block ekimena aurrera atera dutenak. Eta zirkuituari jarri dioten izenak, jakina, badu zentzu jakin bat: Antsoainen zein Atarrabian jokatutakoak sokako lehiak izan dira, eta, BiHatz aretokoa, berriz, blokekoa. Antolatzaileek azaldu digutenez, denbora zeramaten izaera honetako eskalada lehiak bultzatzeko gogoz. BiHatz aretoko arduradun Gorka Karapetok honakoa adierazi digu: «Maila guztietako eskalatzaileei zuzendutako zirkuitu bat egiteko gogoa genuen. Eta, azkenean, lortu dugu. Antsoainen eta Atarrabian sokarekin eskalatu behar denez, zailtasuneko probak antolatu genituen. Antsoaingo rokodromoa txikia denez, bertan soilik 12 eta 14 urtez azpikokoek hartu zuten parte. Bigarren rokodromoa, berriz, handiagoa da, eta parte hartzeko aukera zabaldu zen: 14 eta 16 urtez azpikokoak, seniorrak eta beteranoak lehiatu ziren. Eta BiHatz aretoan, azkenik, aipaturiko maila horiek eta 12 eta 14 urtez azpikoak egon ziren. Hortaz, maila guztientzako proposamenak egon dira. Eta uste dugu ondo baino hobeto asmatu dugula». Zirkuituaren azken hitzorduari dagokionez, aurreratu dugu hilaren 21ean BiHatzen jokatu zela, eta 196 eskalatzailek hartu zutela parte. Festa handia Inolako zalantzarik gabe, BiHatz boulder aretoan festa handia bizi izan zen; besteak beste, lehiakide asko egoteaz gain, makina bat ikusle bertaratu baitziren. 12 eta 14 urtez azpikoak, goizez “lehiatu” ziren. 20 bloke prestatu zituzten, eta txiki horiek zein haien gurasoek gozatu ederra hartu zuten. Hain gazteak izanik, ez zen finalik egon. Dominak eta opariak jaso zituzten parte hartzaileek. Arratsaldean, berriz, gainerako mailetako eskalatzaileak makina bat bloketan aritu ziren. Estilo anitzeko 20 bloke baino gehiago zituzten: bolumenak, teknikoak, fisikoak... Horietan guztietan nor baino nor aritu ondoren, 22:00etan finalak hasi ziren. Eta horietan soilik seniorrek hartu zuten parte. Sei neska eta sei mutil. Eta gauerdira arte launa bloke gainditzen aritu ziren. Behin Soka&Block zirkuituaren azken lehia jokatu ondoren, Karapetori balantzea egiteko eskatu diogu: «Pozarren gaude izandako jarraipenarekin. Lehiakide gehienak nafarrak ziren, baina Euskal Herriko hainbat txokotatik batzuk-batzuk gerturatu ziren. Ez genituen hainbeste eskalatzaile espero. Gainera, prestatutako formatuarekin pozik daudela esan digute eskalatzaileek, batez ere izaera herrikoia izateagatik». Sailkapenei dagokienez, 14 urtez azpikoetatik hasi eta beteranoenen arteko lehiara bitartean, honako hauek izan ziren irabazleak BiHatz aretoan: Irati Guenetxea, Hegoi Nieto, Haizea Oses, Aimar Uson, Muriel Ruiz de Larramendi, Jon Lopez, Luisa Mendez eta Aitor Uson. Bestalde, Soka&Block zirkuituaren lehen bi hitzorduetan, honako hau izan zen sailkapen orokorra: Alix Artola, Hego Nieto, Haizea Oses, Imanol Sanz, Suyapa Perez, Ander del Rio, Ainhoa Arbelaiz eta Ion Aramendia.