2018 MAI. 13 Bertako ardiak hobetzeko elkarlana hasi dute Latxa, manex eta euskal-bearnotar ardi arrazen biziraupena mehatxatua dago, ekoizpen maila «nahiko txikia» baitute kanpoko bertze batzuekin alderatuta. Arazo horri aurre egiteko, animalia bakoitza errentagarriagoa izan dadin saiatuko dira Ardi proiektuan. Neiker-Tecnaliak zuzentzen du egitasmoa eta Poctefa erakundeak lagundu. Bertan, hasiera-hasieratik elkarlanean ari dira Ipar eta Hego Euskal Herriko elkarteak, ardia bere osotasunean lantzen. Maider IANTZI DONOSTIA Euskal Herriko artaldeak lehiakorragoak izatea lortu nahi du Ardi proiektuak. Horretarako atal ugari landu behar dira, Eva Ugarte Neiker-Tecnaliako ikertzaileak esplikatu digunez. «Gu hobekuntza genetikoan zentratzen gara gehienbat eta ikusten dugu dauzkagun arazo eta galderak berdinak direla Ipar eta Hego Euskal Herrian. Lan asko egin izan dugu elkarrekin, baina askotan gu gure aldetik gauza bat egiten hasten gara gure moduan, beraiek gauza bera egiten hasten dira beren eran, eta elkartzea nahi dugunean zaila da, nahiz eta helburu bera eduki bide desberdinak jarraitu ditugulako». Poctefa erakundeak lagundutako egitasmo honetan, hasiera-hasieratik bi aldeei interesatzen zaizkien kontuetan batera lan egitea da asmoa. Latxa, manex eta euskal-bearnotar arrazak hobetzen saiatuko dira. «Mendikatea dugu tartean, beraiek beren bidea jarraitu dute, guk gurea. Estatu eta administrazio desberdinak ditugu eta horrek banatu gaitu, baina arraza izatez berbera da». Hagitz ongi egokituta daude bertako egoeretara, baina bertze arraza batzuen aldean –assaf eta lacaune adibidez–, aunitzez esne guttiago ematen dute. Ugartek azpimarratu duenez, hori gertatzen da bertze modu batera ekoizten delako, mendietan. Eta horrek balio batzuk ematen ditu: «Gure mendiak mantentzen ditu, zenbait jende landa eremuetan bizitzea posible egiten du, azpiegitura ekonomikoa ere bai… Beste sistema batzuek ardiak ukuilu batean sartzen dituzte eta mendian egon edo ez egon berdin da». Esneaz harago Orain arte lan handia egin da esnearekin, baina martxoan abiatu zuten egitasmo honetan gai ugari landu nahi dituzte. Ardia bere osotasunean hartuko dute; zenbat esne ematen duen begiratzeaz gain, zein osasun maila duen aztertuko dute, zenbat irauten duen artaldean, zergatik kentzen duen artzainak, jezteko erraza den, larrean ibiltzeko gai den… Gauza guztiak bateratu eta ardia bere osotasunean hobetzea da ideia. «Hori azaltzea erraza da, baina datuak behar ditugu. Badakigu zer nahi dugun, baina nola neurtuko dugu gero ondo lan egiteko? Honetan Ipar eta Hego Euskal Herrikook batera lan egin behar dugu hasiera-hasieratik. Nola neurtu definitu behar dugu. Ez du balio artzain batek ‘ardi ona da’ esateak. Batentzat ona dena bestearentzat txarra da. Ardi ona zer den definitu behar dugu», agertu du. Lan hori artzainekin eginen dute. «Beraiek eramaten gaituzte lurrera». Horregatik daude Aslana Nafarroako latxa arrazako hazleen elkartea eta Ardiekin latxa eta karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa proiektuan, INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazional frantsesa), Idele (abeltzaintzako erakundea) eta CDEO Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroarekin batera. Erabaki bateratuak hartu Bertze helburu bat da Euskal Herriko elkarteek hobekuntza genetikoko erabakiak batera hartzea. Horretarako erakunde edo elkarte bat sortzea planteatu dute. «Oraindik ez dakigu nolako forma juridikoa izan dezakeen, baina egitura bat sortu nahi dugu eta arautegia aztertzen ari gara. Eratu baino lehen artzainekin ere egon nahi dugu nola ikusten duten jakiteko». Bestalde, badaude zenbait metodologia hobekuntza genetikoan martxan jartzen ari direnak eta hobekuntza genomikoa beren programetan nola gauza daitekeen aztertuko dute. Laugarren atala harremanak sendotzea da. Produktibitate maila hobetzeaz gain, animalia bakoitza errentagarriagoa izatea lortu nahi dute. «Kontua ez da bakarrik zenbat esne ematen duen; esne hori emateko zenbat jan behar du? Zenbat kostatzen da elikadura hori? Errentagarritasuna handitu nahi dugu, gazteek artalde berriak ipini nahi badituzte gure arraza eduki dezaten irudi edo xede bezala». Martxoan egin zuten lehen bileran, lantaldeak eta jarraitu beharreko pausoak finkatu zituzten. Urrian elkartuko dira berriro eta orduan ikusiko dute zenbat aurreratu duten. Emaitzarik handienak 2019 bukaerarako espero dituzte. ZEIN DA ARDI ONA?Hobekuntza genetikoa lantzeko datuak behar dituzte eta neurketak egiteko ardi ona zer den definitu behar dute artzainekin batera, animalia osoki hartuz: ze osasun duen, zenbat irauten duen artaldean, larrean ibiltzeko gai den, erraz jezten den...