2018 MAI. 14 ZIRIKAZAN Hara non! Josebe EGIA Niretzat errugbia arrotz samarra da, egia esan. Gaztetan, inoiz, Getxoko taldearen (gizonezkoen, noski) partidaren bat ikusi nuen, baina besterik ez. Hala, Challenge Cup ekitaldiak, Europako errugbiko finalei hasiera eman dienak, Bilbon, jende asko kirol horretara gerturatzeko balio izan du, beste gauza batzuen artean. Bilboko kaleak, erakundeek dirutzari erreparatu barik halako nazioarteko gertakizunetarako hain gustuko dituzten horiek, kustomizatu egin dira egunotan. Farolak makilak babestekoez josita, baloi obalatuak hiriko zeruan zehar, taldeen milaka kamiseta han-hemenka, aurpegiera zailduak eta sudur-trenkada desbideratuak… Baina, hauxe hau nabarmengarria, gizalege itzela; hainbeste garagardoz bustita egon arren! 100.000 litro zerbitzatu dituzte Bilboko tabernek errugbizaleen eztarri egarrituak asetzeko (pentsa irlandarrak izanik edaleak… horretan ere badugu elkarren antza). Ondo hasi ziren –Spartakeko errusiarrekin edo Marseillako frantsesekin izandako futbol-istilu zantarretatik urrun–, giro lasaian eta poltsikoa oraindik beteta, gehiegizko prezioak txanponen pisua arintzen hasi aurretik, noski, pinten joan-etorri horretan. Baina, zer gertatzen da neskekin? Bada, sorpresa! Duela bost urte eskas, pilota obalatuaren munduak andrazkoen txapelketa bat abiatu zuen, errugbi zazpiko selekzio onenak urtean pare bat aldiz lehiatzeko, munduko hainbat hiritan. 2012ko abenduan, Dubain, Espainiako estatuko taldea hirugarren sailkatu zen, denak txunditurik, eta, oraingoz, inork ez du berdindu balentria. Asteburu honetan, “lehoiek”, tartean euskaldunek, beren historiako bigarren posturik onena lortu dute, laugarrena, babeslerik gabeko taldea izan arren. Zer gehiago egin daiteke? Bada, aro digitalizatu honetan, emakumezkoen hainbat klubetako kideek egin dutena: elkarren artean antolatu beren jarduna aldarrikatzeko. #NosotrasTambiénJugamos leloaz, gizonezkoen sustapen-bideoa “kopiatu” dute, baina antzeko eszenetan neskak protagonista jarrita. Ekimenaren sustatzaileek oso argi dute bideoaren xedea: «Ez dadila babestu eta bultzatu soilik elite maskulinoa; egin dadila gauza bera talde txikiekin, eta, bereziki, emakumezkoen taldeekin». Errugbi femeninoaren aldeko bideo hori, dagoeneko birala, gizonezkoenarekin “lehiatzen” ari da, baina, “bitxia” bada ere, kutsu positiboz eta parte-hartzailez, alegia, hain zakarra eta, halere, humanoa den kirol horren bereizgarriez.