2018 MAI. 15 IKUSMIRA Aldaketatxo ugariren aldaketa, edo distopia Aitor Agirrezabal Kazetaria Maiatzak 15. Datorren astean beteko dira hiru urte Iruñea eta Nafarroara aldaketa ekarri zuten hauteskundeetatik. Eta urtebeteren buruan, errebalida. Bada, arlo ezberdin eta ugaritan, aldaketa horrekin guztiz pozik edo ados ez dagoen jende ugari. Ez da hau arrazoiak, akatsak edo ongi egindakoak nabarmentzeko zutabea. Gizarte eta masa kritiko bat heziz lortu zen UPNren aro luzeegiari amaiera ematea. Eta halako kasuetan logikoa denez, masa kritikoa izatea norberaren kontra itzul daiteke. Hori ez da gure labela soilik. CUPek atzo Quim Torra president izendatzea ahalbidetu zuen bere abstentzioarekin, eta, hartu duten ia erabaki guztietan bezala, ez dira gutxi izan sareetan ez dietela berriz bozkatuko diotenak. Finean, «gu izatearen albo-kalteak». Bada, urtebeteren buruan azterketa latza dugu, nahiz eta laster hasiko garen hauteskundeek ekarri ohi duten borrokan murgiltzen. Bi aukera baino ez ditut ikusten: lanean jarraitu eta aldaketan sakontzea, batetik, edo altxatzea izugarri kostako litzatekeen zulo beltzera itzultzea, bestetik, alegia, distopia. Ekainaren 2an horretaz hausnartzeko aukera aparta dugu nafar hiriburuan: euskararen aurkako manifestazioa eta Alternatiben Herria. Ez dago besterik, hauek dira-eta alternatibak. Ezin dugu ahaztu zein egoeratan eta zenbakitan lortu zen iraulketa Nafarroan eta hori indartzeko gutxi dugu soberan. Eta horretan lana dugu, bai Iruñeko Udalean bai Gobernuan dauden agintariek eta, batez ere, luzera begirako proiektua beharko lukeen aldaketa honi forma eman behar diogun herritarrok.